Astigarragako gazteen eta adinekoen elkarguneei buruzko herri gogoetak jarriko ditu martxan Udalak datozen asteetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 27a, 00:00

Xabier Urdangarin alkatea eta Naroa del Orden zinegotzia aurkezpenean.

'A* Nahi dugun Astigarragarantz' herri gogoetek jarraipena izango dute udazken honetan. Lehenengo saioa urriaren 10ean izango da.

Astigarragako Udalak bi herri gogoeta saio aurkeztu zituen atzo: gazteen espazioari eta 55 urtetik gorakoen elkarguneari buruzkoak. Bi prozesuak 'A* Nahi dugun Astigarragarantz' egitasmoaren barruan sartu dituzte, eta urriaren 10ean egingo dute lehenengo bilera irekia. 

A* elkargunea +55

55 urtetik gorako pertsonentzat espazio berri bat sortzea da Astigarragako Udalaren nahia. Urumea Berrin egongo da lokala, eta bertan birkokatuko dituzte eguneko zentroa, eguneko arreta zerbitzua eta Galtzaur elkartea. Hala ere, Xabier Urdangarin alkateak nabarmendu zuen ez dela lekualdaketa soila: «Nahi dugu zerbait gehiagorako balio izatea. Astigarraga asko haunditu da, adineko pertsonak geroz eta partehartze haundiagoa daukate, eta asmatu behar dugu hurrengo urte askotarako balioko duen proiektua sortzen». 

Eremu berri horri buruzko gogoetarekin hasteko, Udalak galdetegi bat jarriko du herritarren eskura, urriaren 2tik 15era erantzun ahalko dena. Gainera, hiru hitzordu finkatu dituzte gaia lantzeko: urriak 10, proiektuaren aurkezpena, zerbitzuen orientazioa eta espazioa zertarako erabili; azaroak 7, espazioen antolaketa; eta azaroak 28, zerbitzuen kudeaketa eta funtzionamendua. Hiru bilerak arratsaldeko 17:30etan izango dira, Erriberan. 

A* gazteak

Gazteen guneari dagokionez, Udalak Kultur Etxe Zaharra egokitu nahi du euren erreferentziazko espazio bilakatzeko. Bertan elkartuko dira Gazte Asanbladako, Xaguxarreko eta herriko eragileetako gazteak.

Lekuaren antolaketari buruz hausnartzeko bi saio egingo dituzte, kasu honetan goizeko 11:00etan: lehenengoa urriaren 26an, beharrei, erabilerari eta espazioen antolaketari buruzkoa; eta bigarrena azaroaren 16an, eraikinaren kudeaketari eta funtzionamenduari buruzkoa. 

Parte hartzeko gonbidapena astigartar guztiei

Astigarragako Udaletik ezinbestekotzat jo dute herritarren parte hartzea, eta saioetara bertaratzeko deia egin diete guztiei. Horrez gain, jakinarazi dute prozesuei buruzko informazioa eskuragarri dagoela astigarragarantz.eus webgunean, eta zalantzak argitzeko astigarragarantz@astigarraga.eus helbidera idatzi edo 638 20 65 86 telefono zenbakira deitu daitekeela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!