Igandean ospatuko dute Sagar Uztaren jaia Foru Plazan, eta bihar hasiko dira festa berotzen

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 25a, 00:00

Sagarraren Festa, iaz.

Goiz osoko festa prestatu dute iganderako, beste behin, sagar uzta berriari ongietorria eman eta aurreneko muztioa dastatzeko.

Urtero izaten dute mugarri nagusi bat Astigarragan, garai honetan, bailarako sagargintzak eta sagardogintzak: Sagar Uztaren jaia. 24garren edizioa izango du aurtengoa, eta igande honetarako jarri dute hitzordua, Foru Plazan. Ohi bezala, denetik izango da bertan, goiz osoan zehar. Besteak beste, sagarrak biltzen arituko dira haurrak, zanpatu egingo dituzte, eta tolarean sartu, 2024ko aurreneko muztioa egiteko. Horrekin, ez du hutsik egingo topa herrikoiak, eguerdiko 12:30etan.

Horrez gain, plazan bertan izango dira sagarraren azoka, mota guztietako erakustaldiak eta argazki rallya, besteak beste. Eta arratsaldean, esku pelota partiduekin borobilduko dute lau eguneko ospakizuna.

Izan ere, bihar bertan hasiko dute Sagar Uztaren festa. Pintxo-potea egingo dute bihar arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara: sagarraren eratorriekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango da herriko tabernetan.

Ostiralean, berriz, txalaparta tailerra eskainiko dute. Astigarragako Herri Eskolako atarian izango da, arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara. Eta larunbatean, festa haundiaren bezperan, Sagar-Bira egingo dute: mendi buelta familian, Santiomendiko Sagardobidean barrena. Goizeko 09:30etan abiatuko dira, eta parte hartzeko izena eman behar da, 943 55 05 75 telefonoan, info@sagardoetxea.eus helbidean edo sagardoetxea.eus webgunean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!