Martxan da Emakumeei aholkularitza juridikoa emateko zerbitzua

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 24a, 00:00

Hilean behin eskainiko du Astigarragako Udalak zerbitzua: astelehenez, 16:00etatik 19:00etara. 

 

Atzo berrekin zuten emakumeei aholkularitza juridikoa emateko udal zerbitzua. Zerbitzua hilean behin eskainiko da, astelehen arratsaldetan, Astigarragako Emakumeon Etxean.  Edozein emakumek erabili dezake zerbitzua, baina ezinbestekoa izango da aldez aurretik hitzordua eskatzea. 

Udal zerbitzu honek, emakumeek gai anitzekin lotutako gatazkei buruzko aholkularitza juridiko espezializatu bat izateko eskubidea bermatu nahi du. Honekin batera, aholkularitza honek emango dituen aukerak nabarmendu ditu Astigarragako Udalak: «Epairik gabeko espazio seguruan entzunak izateko, dauzkagun eskubideak eta gatazkei aurre egiteko tresnak ezagutzeko, erabakiak hartzeko segurtasuna eta motibazioa handitzeko eta baliabideak antzemateko, autoestimua handitzeko, eraso matxisten kasuak detektatzeko edo bestelako zerbitzu publikoetara bideratuak izateko aukera emango digu».

 

Zerbitzu konfidentziala, doakoa eta pertsonalizatua

Zerbitzua konfidentziala da, doakoa eta pertsonalizatua, eta «Astigarragako edozein adinetako neska, nerabe eta emakumeentzat» izango dela azaldu du Udalak. Emakume bakoitzaren egoera zehatza aztertzeaz gain, «emakumeen eskubideak eta hauek bermatzeko bide egokienak zeintzuk diren» adieraziko dira. Arreta aurrez aurrekoa izango da, eta aditu baten laguntza eta aholkularitza izango dute, «beti ere, ikuspuntu feministatik», gaineratu du Udalak. 

 

Zein gai kontsultatu daiteke zerbitzu honetan?

Orokorrean, gai zibil eta penalei buruzko edozein gai kontsultatu daitekeela azaldu dute, eta ohiko gai batzuk aipatu dituzte. Esaterako, familia alorrean, banaketak, dibortzioak, mantenu pentsioak edota bisita erregimenak bezalako gaiak landu ohi dira. Indarkeria egoerak ere tratatzen dira, indarkeria hauek detektatzea, emakumeek dituzten eskubideak ezagutzea, erasoei buruzko prozesu judizialak eta horiek izan ditzaketen ondorio eta eraginak ezagutzea. Edota, atzerritartasunarekin lotutako kezkak eta gatazkak.

 

Interesa duenak:

Hilean behin eskainiko da zerbitzua, astelehenez arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara bitarte. Hitzordua aldez aurretik eskatzeko, mezu bat bidali emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com emailera, edo deitu 648417157 telefono zenbakira.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!