Pelota jaialdi ederra Txomiñenen, 'Emakumeak eta kirola' egitasmoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 24a, 00:00

Maria Balerdi Lima de Paiva, pelota jotzeko prest, igandeko partiduan.

Itxaso Iparragirre eta Intza Arruti nagusitu ziren eskuzko lehian, eta Maddi Otaegik eta Maddi Arrarasek irabazi zuten palaz, igandean.

Txomiñene frontoia izan da 'Emakumeak eta kirola' egitasmoaren eszenatokia, joan den asteburuan, bi hitzordurekin. Larunbat goizean, hasteko, pala ikastaroa eskaini zuen Irati Saralegi Fernandezek, 15 urtetik gorako emakumeentzat.

Igande arratsalderako, berriz, emakumezkoen pelota jaialdia antolatu zuten, bi partidurekin. Aurrena, infantil mailakoak aritu ziren eskuz: Itxaso Iparragirre Ormazabal eta Intza Arruti Lertxundi nagusitu ziren, Maria Balerdi Lima de Paivaren eta June Zabala Yeregiren kontra (18-12).

Palaz, berriz, jubenil mailako partidua jokatu zuten ondoren, eta Maddi Otaegi Arratibel eta Maddi Arraras Santesteban izan ziren nagusi. 30-26 irabazi zieten Irati Olveira Rodrigori eta Intza Güemes Minerri.

Jaialdi ederra eskaini zuten zortzi pelotariek, eta arratsalde polita pasa zuten frontoira bertaratutako zaleek.

 

Hastapeneko judo tailerra bihar, kiroldegian

'Emakumeak eta kirola' egitasmoak bihar izango du segida, beste tailer batekin: hastapeneko judo tailerra eskainiko dute Astigarragako kiroldegian, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara.

16 urtetik gorako emakumeentzat izango da, eta atzo arte eman zitekeen izena, kiroldegian bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!