Joan den asteburuan hasi dute denboraldia Mundarroko bi talde nagusiek, Gipuzkoako lehenengo mailan; eta modurik onenean ekin diote: biek lortu dute garaipena estreinakoan. Nesken taldeak nagusitasun haundiz menderatu zuen Atletico San Sebastian (24-45), ostiral iluntzean; eta mutilek azkeneko minutuan irauli zuten markagailua, Elorri Aldapari 68-67 irabazteko.
Hasieratik izan ziren nagusi Mundarroko neskak, donostiarren kontra. Berez kanpoko taldea izan arren, Astigarragako kiroldegian jokatu zuten partidua, eta maila ederrean aritu ziren etxeko zaleen aurrean. Astigartarren nagusitasuna ez zen guztiz nabaritu markagailuan lehenengo zatian (15-21), baina atsedenetik bueltan etengabe haunditu zuten zuloa. Defentsako lanean bikain, donostiarrei bi puntu sartzen bakarrik utzi zieten hirugarren laurdenean, eta erabakita utzi zuten partidua (17-33), azkeneko laurdena hasterako. Miren Busto bereziki nabarmendu zen astigartarren artean, 18 puntu lortu baitzituen berak.
Dezente gehiago sufritu zuen mutilen taldeak, etxean, garaipena lortzeko. Oso modu kaxkarrean ekin zioten partiduari, eta Elorri Aldapak ihes egin zuen aurreneko laurdenean (16-32). Edonola ere, erreakzionatzeko gai izan ziren astigartarrak, eta bederatzi puntura gerturatu ziren (33-42), atsedenaldiaren aurretik. Tartea txikitzen jarraitu zuten hirugarren laurdenean, defentsako lan sendoari esker (49-54); eta erotzeko modukoa izan ziren azkeneko laurdena. Hiru minuturen faltan, astigartarrak aurrenekoz jarri ziren markagailuan aurretik (60-59), baina ezinean aritu ziren hurrengo jokaldietan, eta berriro egin zuen ihes Alegiko taldeak. 62-67koa erakusten zuen markagailuak, minutu bat baino gutxiago falta zela; baina erabat irauli zuen Mundarrok. Jaurtiketa libreen bitartez bi puntura gerturatu zen, lautik hiru sartuta (65-67); eta bizirik iritsi zen azkeneko segunduetara, Elorri Aldapak bi jaurtiketa libre huts eginda. Ikusgarria izan zen bukaera: hirukoa lortu zuen Ignacio Mazok, garaipena lortzeko (67-66). 20 puntu lortu zituen Mazok, denera.