Ikasturte berrirako eskaintza zabala izango du Astigarragako AEK euskaltegiak, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. 'Euskara eroso bizitzeko' da kanpainarako hautatu duten leloa, eta herritar guztiei egin diete apuntatzeko gonbidapena.
Behar guztietara egokitzen diren ikastaroak eskaintzen ditu AEK-k: «Askok euskara maila bat eskuratzea izan ohi dute helburu, beste batzuek ezagutzan eta erabileran aurreratu nahi izaten dute».
Euskaltegian izena emateko hiru modu ahalbidetu dituzte: Astigarragako AEK euskaltegian presentzialki (Kultur Etxe Zaharra), 607 61 06 87 telefono zenbakira deituta edo astigarraga@aek.eus helbide elektronikora idatzita.
Euskara ikasteko laguntzak ere eskatu daitezke jada
Astigarragako Udalak dirulaguntza eskaintzen die euskaltegian izena ematen duten herritarrei. Aurten 34.400 euro bideratu ditu laguntza horietara, eta matrikularen %75 eta %100 arteko laguntzak emango dizkie astigartarrei.
Laguntzei buruzko informazio guztia astigarraga.eus webguneko egoitza elektronikoan eskuratu daiteke. Eskaera egiteko epea urriaren 18ra arte egongo da zabalik.
Bi egitasmo, ikasitakoa praktikan jartzeko
Klasean ikasitakoa praktikan jartzeko bi programa daude martxan Astigarragan. Lehenengoa Mintzalagun programa da; bertan astean behin talde txikitan elkartzeko aukera izango dute izena ematen dutenek. Bigarrena, aldiz, Gurasolagun egitasmoa da; kasu honetan Herri Eskolako patioan elkartzen dira gurasoak, eta familien arteko giroa euskalduntzea da xedea.
Egitasmoei buruzko informazioa nahi dutenek 665 67 78 21 telefono zenbakira deitu dezakete.