Sagardoetxean doako esperientzia bat egiteko aukera, erroldatu berriei

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 22a, 00:00

Sagardoetxeak antolatu duen eta urrian ikusgai egongo den erakusketako bisita gidatuan parte hartzeko aukera ere eskainiko die Udalak.

Azkeneko urteotan, Astigarraga­ko Udalak Sagardoetxearen esperientzia oparitu ohi die etorri berriei, ongietorria emateko. Ekimenak arrakasta izan duenez, aurten ere errepikatzea erabaki da. Erroldatu berriei, hau da, 2023ko irailaren 1etik 2024ko abuztuaren 31era bitartean erroldatu direnei, bi esperientzia ezberdin eskainiko zaizkie.

Batetik, familiei zuzenduta­koa izango da Sagar Uzta Esperientzia. Familian eta etxeko txikiekin egiteko esperientzia da. Bi ordu eta erdiko iraupena du eta euskeraz izaten da. Irailaren 29an, igandean, izango da, 10:00etan.

Bestetik, helduei zuzendutakoa Sagardoetxeko Esperientzia: bakarrik edo lagunartean egiteko, bisita gidatua Sagardoetxera eta dastatze berezia. Euskeraz eta gaztelaniaz izaten dira bisitak. Urriak 5ean izango da, larunbatean, 12:00etan edo 18:00etan.

Izena eman behar da, eta gaurkoa da horretarako azkeneko eguna

Esperientzietan parte hartzeko ize­na eman behar da, eta gaurkoa izango da azkeneko eguna. Izena emateko, elkarbizitza@astigarraga.eus helbidera idatzi daiteke, edo telefono hauetara deituta: 943 50 57 01 edo 638 206 586.

'A la yuklak, golpian bat' erakusketa, urriaren 3tik aurrera

Azkenik, Sagardoetxea Museoak antolatuta, XIX. mende amaieratik gaur egunera arteko sagardotegietako aisialdiari buruzko A la yuklak, golpian bat erakusketa ikusgai egongo da Erribera Kulturgunean, urriaren 3tik aurrera. 

Hala, erakusketaren bisita gi­datuan parte hartzeko aukera eskainiko zaie erroldatu berriei. Bisita gidatuak izango dira urriaren 10ean, goizeko 11:00etan eta arratsaldeko 18:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!