Pala ikastaroa gaur eta nesken pelota jaialdia bihar, Txomiñenen

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 21a, 00:00

Neskentzako dago zuzenduta gaurko pala ikastaroa.

Asteburuan bi hitzordu emakumeak eta kirola dinamikaren baitan. Biak Txomiñenea pilotalekuan egingo dira, baina gaurkoa soilik 15 urtetik gorako emakumeentzat izango da.

Emakumea eta kirola dinamikaren baitan bi hitzordu antolatuko dira asteburu honetan. Lehena, gaur, pala ikasteko hastapen klasea Txomiñenea pelotalekuan. Soilik 15 urtetik gorako emakumeentzako ikastaroa izango da, goizeko 11:00etan hasi eta ordubeteko saioa izango da. Emakumeek aukera izango dute palan trebatzeko, Irati Saralegi Fernandezek gidatuta. 

Bihar, igandea, nesken pilota jaialdia antolatu da, eta irekia izango da. Infantilak eskuz ibiliko dira eta jubelinak, berriz, palaz. Eskuz Itxaso Iparragirre Ormazabal eta Intza Arruti Lertxundi, Maria Balerdi Lima de Paiva eta June Zabala Yeregiren aurka. Palaz Irati Olveira Rodrigo eta Intza Güemes Miner, Maddi Otaegi Arratibel eta Maddi Arraras Santesteban bikotearen aurka. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dira partiduak, Txomiñeneako pelotalekuan.

Emakumea eta kirola egitasmoak dagoeneko bost ekintza burutu ditu, atzo esgrima solasaldia, eta gaurkoa eta biharkoa seigarrena eta zazpigarrena izango dira. Egitasmoaren erdira iritsi gara beraz. Beste sei falta dira aurtengo egitasmoa amaitzeko.

 

Asteazkenean judo tailerra, xake ikastaroa gaur zortzi

Datorren asterako beste bi ekintza prestatu dira. Asteazkenean judo tailerra: hastapena mailan kiroldegian antolatuko da, 18:00etatik 19:00etara. Emakumeei ba­karrik zuzendua izenematea etzi, astelehenean, amaituko da kirol­degian bertan. 16 urtetik gorakoentzako dago zuzendua. 

Gaur zortzi, xakearen sekretu batzuk ezagutu dituzte, ikastaroan. Zazpi urtetik gorakoentzat, Araceli lozano Miguelezek eskainiko du hastapeneko formakuntza Erribera kulturgunean, 16:30etatik 18:00etara, Erribera kulturguneko S02 gelan. Izena eman daiteke online formulario bidez, irailaren 25era arte. Emakumeentzako zuzenduko da eta iraileko ekintzak amaituko dira formakuntza honekin. Urrian etorriko dira beste hiru ekitaldi eta azaroan amaituko da aurtengo egitasmoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!