«Auzoan espontaneoki sortutako koadrilak ikusten dira, baina nahasketa gutxi, eta hori aldatzen saiatu nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 21a, 00:30

Urumea Berriko bizilagunak elkarte gastronomikoan.

Urtebete igaro da Astigarragako Aiotzategi auzoan Urumea Berri Gastronomia Kultur Elkartea sortu zenetik, eta aurten, Aiotzategi auzoak ere bere festak behar dituela aldarrikatuko dute, jaien lehen edizioa antolatuz.

 

Jaien antolaketan murgildurik egon dira aste hauetan Urumea Berriko Gastronomia Kultur Elkarteko kideak, gaur ospatuko baita Astigarragako Aiotzategi auzoko jaien lehen edizioa. Auzo berria izanik, auzo izaera hori sortu eta sendotzeko lanetan, aurrerapauso bat izango da jai hauek ospatzea. Urtebete besterik ez da igaro herritar talde bat bildu, eta Gastronomia Kultur Elkartea sortu zutenenik. Gogo haundiz eta helburu garbiekin antolatutako jaia izango da gaurkoa, hala adierazi dute elkarteko kideek, eta gaurko egunaren xehetasunak azaltzeaz gain, auzoaren izaeraz, elkartearen lanaz, aspirazioez eta bizilagunen arteko harremanaz hitz egin dute, besteak beste. Baina, lehenik, elkarteak esker hitzak helarazi nahi dizkie jaien prestaketan lanean egon direnei: «Eskerrak eman nahi dizkiegu, lehenik antolakuntzan dauden bolondres guztiei. Baita, Astigarragako Udaletxeari, eskainitako laguntza guztiagatik, erraztasunak besterik ez baititugu jaso beraien partetik. Eta bukatzeko, auzoko eta herriko babesle eta hornitzaile guztiei, festak antolatzea ahalbidetzeagatik». 

 

Urtebete da Urumea Berriko Gastronomia Kultur Elkartea sortu zenetik, nondik sortzen da ideia hau? 

Auzo berria izanda, zenbait gabezi genituela ikusi genuen, batez ere, bizilagunen isolamendu sozialarekin lotutakoak, auzokideen pluralitateagatik izan daitekeena gehien bat. Honen aurrean zerbait egin behar zela pentsatu genuen.

Hasieran koadrila txikiak bakarrik ikusten ziren auzoan, adibidez amankomunean ikastolako guraso izatea zuten koadrilak. Hori dela eta, gune bateragarri bat sortzeko beharra ikusi genuen bizilagun talde txiki batek. Biltzeko eta elkarbizitza berri bat sortzeko, ba al dago otordurako mahai bat baino hobeagorik?

Urte bete eskas pasa ondoren, aurretik sekula traturik izan gabeko bazkideak eta hauen gertukoak, beste elkarteko erabiltzaileekin kalean solasean ikus daitezke jada. Alde horretatik oso pozik gaude, elkarteak egindako funtzioagatik. Aurrera begira hau finkatu, eta zergatik ez, auzoari identitate propioa ematen lagundu nahiko genuke, despertsonalizaziotik ahalik eta gehien urruntzen.

 

Zein da elkartearen martxa?

Aiotzategi kaleko baxu batean dugun elkarte gastronomikoan biltzen gara. Elkartean, gaur egun, 51 bazkide gara, eta %90a auzoko bizilagunek osatzen dugu. Inolako diskriminaziorik gabeko elkartea da gurea, eta kidearenganako errespetua mantentzeko gai den orok dauka gure artean lekua. Orain arte egindako ekintzak, gehien bat, bertakoentzat izan dira, baina ateak irekitzeko saiakerak ere egin ditugu, martxan gauden denbora gutxian. Argi daukagu gureak ez duela elkarte irmoa izan nahi, eta kalera ateratzeko prest gaudela ahal den guztietan.

 

Aurten, urrats bat aurrera egitea erabaki duzue, eta auzoko festak antolatu dituzue: Urumea Berriko Jaien lehen edizioa. Zer ospatuko duzue? 

Ezer ospatzea baino, kalera atera eta auzoa dinamizatzea izango da helburua. Giroa sortu eta bizilagunen artean bizi poza zabaltzea. Egitarauan, gehien bat, auzoko txikienentzako ekintzak antolatu ditugu; auzokideen ezaugarriak ikusita, ume txikiak dituzten familiak gailentzen direlako, eta haietara egokitzen saiatu gara. Horretarako, goizean zehar puzgarriak eta umeentzako herri kirol desberdinak egongo dira. Gero, bazkari herrikoia, heldu zein umeentzako, eta arratsaldea DJ batek girotuko du, jaien bukaera ordua iritsi eta zezensuzkoa atera bitarte.

 

Zertarako aukera uzten dute auzoko festek?

Pertsonalki, errutinatik atera eta plan berriak egiteko aukera izan daiteke, ez baita festara joateko aitzakia hutsa, eguneroko kargak momentu batez alde batera uzteko aukera baizik. Hain egunean dauden buruko osasun gaixotasunak ekiditeko tresna izatera iritsi daiteke. Kolektiboki, berriz, auzo bizitza indartzeko aukera ederra da, banakotasuna alde batera utzi eta elkarbizitza sustatzeko eguna.

 

Beharrezkoa da auzo bakoitzak bere festak izatea? 

Gu ezin gara beste lekuetako problematika desberdinetan sartu, hala ere, herri txiki eta auzoetako jaien aldekoak garela argi daukagu. Kanpotik datozenak besoak irekita jasotzeko prest, baina bertakotasuna asko baloratzen dugu. Bertakotasun horrek eragiten baitu herritarren loturak sendotzea. Eta hain garrantzitsua iruditzen zaigun auzo identitate hori pixkanaka jorratzeko aukera izatea.

Lehen edizio honetan, inongo erreferentziarik gabe gabiltza, bazkari herrikoirako tiketen salmentak berme ona ematen digu, 240 pertsona inguru elkartzea lortu baitugu. Giro ona egotearekin guretzat arrakasta izango litzake eta ez diogu gure buruari helburu kuantitatiborik jarri.

 

Kanpotik jende asko etorri da Astigarragara bizitzera azken urteetan, eta auzo berriak ere sortu dira, hau da Aiotzategiren kasua?

Guztiz. Duela 15 urte, hemen baratzak eta negutegiak besterik ez zeuden. Orduan hasi, eta berriki bukatu dute gune hau eraldatzen. Bidean herriko, Buruntzaldeako eta Donostialdeko jendea etorri da bizitzera, eta elkarteko taldea ere, honen isla da.

 

Nolako izaera du Urumea Berrik? Nolakoak dira auzokideen arteko harremanak? 

Auzo izaera lantzeko dagoela uste dugu. Espontaneoki sortutako koadrilak ikusten dira, gehien bat ezaugarri amankomunak dituztenen artean, baina nahasketa gutxi oraindik. Hori aldatzen ahalegindu nahi dugu elkartetik, eta jai giroak lotura berriak nahi gabe sortu ditzazkeela uste dugu. Ahalegina egingo dugu, ez dugu inor behartu nahi, baina bultzada pasiboa izan daiteke. 

 

Etorkizunera begira, nora heldu nahi du elkarteak?

Pixkanaka gure presentzia hedatu nahi genuke, batez ere, gure lokaleko atetik kanpora, herriko beste ekintzaile finko bat izan arte.

 

 

EGITARAUA

URUMEA BERRI

IRAILAK 21

10:00 Txupinazoa, txozna irekiera eta txikientzako puzgarriak.

11:00 Herri kirolak guztientzat (sokatira, zaku lasterketa, toka, lokotxak).

14:00 Bazkari herrikoia. Menua txikientzat eta helduentzat.

17:00 Musika plazan: DJ Flowing-ekin.

22:00 Festa amaiera. Zezensuzkoa eta txozna itxiera.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!