Emakumezkoen eskubaloi txapelketa eta puntako futbol partidua, bihar

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 14a, 00:00

'Emakumea eta Kirola' ekimenaren baitan, saio bikoitza izango da: eskubaloia kiroldegian, eta futbola Zarkumendegin.

Asteburu potoloa izango da hau, 'Emakumea eta Kirola' ekimenaren baitan. Gaurkoan, piraguan paseoa egiteko aukera izango dute herritarrek, Olatz Alkortak gidatuta. Goizeko 10:30etan abiatuko dira Martutenetik, baina parte hartzeko aldez aurretik eman behar zen izena.

Biharko, berriz, hitzordu bikoitza jarri dute. Batetik, Urumea Ibaia eskubaloi txapelketaren hirugarren edizioa jokatuko dute, jubenil mailako nesketan. Goizeko 09:30etan hasiko dira partiduak, Astigarragako kiroldegian; eta lau taldek hartuko dute parte: Mundarro, Hernani, Bera Bera eta Irauli. Giro polita izaten da urtero, lehiaz gain harremanak estutzeko aukera izaten baita, bazkari eta guzti. Joan den urtean, gainera, bailarako derbia izan zen finalean: Mundarro eta Hernani aritu ziren aurrez aurre, eta hernaniarrak nagusitu ziren.

Hirugarren mailako partidua Zarkumendegin, Oiartzun eta Oberena taldeekin

Igandeko bigarren zita Zarkumendegin jarri dute, puntako futbol partiduarekin. Izan ere, Espainiako RFEF hirugarren mailako partidua jokatuko da bertan: Oiartzun eta Oberena izango dira aurrez aurre, eguerdiko 12:00etan hasita. Ligako bigarren jardunaldiko partidua dute, eta estreinakoan berdinketa lortu zuten biek: Oiartzunek Osasunaren zelaian, eta Oberenak Racing de Santanderren kontra.

Astigartarrak ez ezik, inguruko herrietako zaleak ere erakarriko ditu partiduak. Oiartzuarrak bai, noski; baina baita Hernanikoak ere, herriko eta CD Hernanin aritutako zenbait jokalari ari baitira Oiartzunekin: Amaia Irastorza, Leire Olasagasti, Ainhoa Lizaso...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!