«Pandemian adostutako oinarriak birpentsatzeko, Etxea sendotzeko eta egindako bidean ikasitakoak konpartitzeko geldialdi bat egin nahi da»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 14a, 00:00

2021ean ireki zituen ateak Astigarragako Emakumeon Etxeak, eta hiru urteren ondoren, hausnarketa prozesu bat egingo dute. Herritarren eskura dagoen proiektua izanik «herritarren ahotsa entzun eta emakumeon beharrak eta nahiak» entzun nahi dituzte, «Emakumeon Etxea, denona delako».  

 

Emakumeon Etxeak 3 urte beteko ditu aurten, eta hausnarketa prozesu bat irekitzea erabaki duzue. Zertan datza prozesu hau? Zergatik abiarazi duzue? 

Astigarragako Emakumeon Etxea, Udalaren eta Emakumeon Etxea elkartearen artean kudeatutako herritarren zerbitzura dagoen egitasmoa da. Besteak beste, emakumeek hausnartzeko, ikasteko, elkar ezagutzeko eta entzuteko.

Duela hiru urte sortu zen proiektua eta oinarriak pandemia garaian adostu zituzten herriko hainbat emakumek, online saioen bitartez. Udalak gidatutako prozesu parte-hartzailea izan zen, eta saio horietan Etxea zergatik, zertarako, norentzat edo nolakoa izango zen aztertu zen; ordutik hona ibilbide bat egin du Etxeak.

Pandemia garaian adostutako oinarriak birpentsatzeko, Etxea sendotzeko eta egindako bidean ikasitakoak konpartitzeko geldialdi bat egin nahi da, eta horretarako bi hausnarketa saio antolatu dira. Irailaren 19an, 'Emakumeon Etxea zertarako, norentzat eta norekin' izango da aztergai. Irailaren 26an, berriz, Emakumeon Etxearen antolaketaz jardungo dugu, nola hurbildu Etxea herriari, eta baita herria Etxeari.

Etxea egitasmo bizia da, herritarrekin batera eraldatzen eta sortzen doana. Espazio hau ezagutzen ez dutenentzat ere, aukera polita izan daiteke saio hauetan parte hartzea, baita ezagutu arren, oraindik bertaratu ez direnentzat ere. Herriaren eskura dagoen proiektua izanik, herritarren ahotsa entzun nahi dugu, emakume guztion beharrak eta nahiak zeintzuk diren jakiteko eta ibilbidea sendotzen jarraitzeko. Saioetan parte hartu ahal izateko, doako haur zaintza zerbitzua ere egongo da. Interesa duenak aurrez abisatu beharko du.  

 

2021ean ireki zituen ateak Astigarragako Emakumeon Etxeak, zergatik eman zen pauso hau? 

Gertu ditugu beste Emakumeen etxe batzuk, Hernanin, Oreretan, Donostian… Etxe guztietan irizpide komun batzuk ditugu, baina hiri edo herri bakoitzaren ezaugarriak ezberdinak direnez, gure testuingurura eta errealitatera egokitzen saiatzen gara, emakume guztien beharrei eta interesei erantzuteko. 

 

Behar jakin batzuei erantzuteko espazioak dira? Zein da espazio honen proiektua?

Beharrak, interesak, desioak… Emakumearen paper eta rola hain markatua dagoen gizarte honetan, epairik gabeko eremuak sortzea ezinbestekoa da, emakumeek lasaitasunez hitz egiteko eta haien benetako nahiak  adierazteko. Osasun emozionalari zuzenki loturiko proiektua izanik, gure bizi kalitatea hobetzeko egiten dugu lan. 

Emakumeon Etxea proiektu zabala da, emakumeen ahalduntze prozesuan lagungarri dena. Sareak sortzeko, formatzeko, gure eskubideak ezagutu eta hauen jabe egiteko, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, identifikatzeko eta bideratzeko, elkar laguntzeko, dibertitzeko, … helburua duena.

 

Zenek hartu dezake parte Emakumeon Etxean? Nola eman daiteke laguntza espazio honetan? 

Emakumeen ahalduntzea helburu nagusia izanik, emakumeei zuzenduriko eskaintza du Etxeak eta bazkideak ere emakumezkoak dira. Berdintasunaren eta gizarte feminista eraikitzearen bidean, ordea, gizonek paper garrantzitsua jokatzen dute eta, beraz, zenbait tailer edota hitzaldi mistoak izaten dira. 

Dinamizatzaile batek gidatzen du proiektua eta harekin batera modu boluntarioan parte hartzen duten emakumeak daude lan-taldeetan antolatuta. Herriko emakumeen Komunitate bat sortu da, bakoitzak nahi duen eremuan (komunikazioa, programazioa, azokak, tertuliak…) eta ahal duen denborarekin parte hartzeko; Emakumeon Etxea, denona delako.

Bazkide izatea Emakumeon Etxearen proiektua babestea da. Bere parte izatea. Bazkide izateak proiektuari ekarpenak egiteko aukera ematen du; proposamenak eginez edota aktiboki parte hartuz. Gaurkoz 300 bazkide inguru gara, baina egunetik egunera haunditzen doa kopurua.

Etxearen ateak zabalik daude interesa duen edonorentzat, beraz, bertara gerturatzea gomendatzen dugu proiektua eta espazioa ezagutu eta informazioa jasotzeko. Telefonoz 648 41 71 57 edo helbide elektroniko bidez emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com ere jaso daiteke arreta.

 

Udazkenera begira, Emakumeontzako Jabekuntza Eskolak antolatu dituzue, zer lortu nahi da programa honekin? 

Jabekuntza Eskola hausnarketarako, formaziorako eta harreman sareak eraikitzeko espazioa da. Gure eskubideak ezagutu eta haien jabe egiteko, gure bizitzekiko autonomia irabazteko eta gure buruekiko konfiantza lantzeko topalekua da. Emakumeoi dagokigun espazioa berreskuratzeko.

Eskolaren baitan lau alor nagusi lantzen dira: ahalduntzea, gorputza, teoria feminista eta umorea. Ikastaro, tailer, eta taldeen bidez emakumeen ahalduntze prozesuan eragin nahi da eta horretarako ikuspegi feministatik aztertuko dugu bizi dugun errealitatea. Tarte bat eskainiko diogu gure buruari, gure bizitzari, eta zaintza erdigunean jarriz, elkarrengandik ikasteko espazioa sortuko dugu. Gure jakintza balioan jarriz. Errealitatea eraldatzeko tresnak jaso eta gizarte justuago bat eraikitzeko pausuak eman nahi ditugu.

 

‘Emakumea eta kirola’ ekimenaren antolakuntzan parte-hartu duzue. Besteak beste, ostegunean  hitzaldia antolatu zenuten: 'Menopausia garaian kirolaren onurak eta mugak'. Urriaren 3an mahai-inguru bat egingo duzue amatasuna eta ariketa fisikoa kontziliatzeari buruzkoa. Zeintzuk dira mahai-gainean jarri nahi dituzuen gako nagusiak? Zeintzuk dira gaur gaurkoz erronka nagusiak  kirol munduan?

Menopausiaren gaia agendan kokatu eta honen lanketari heltzeko unea dela uste dugu. Osasungintzan dagoen genero-alborapenaren aurrean badugu zer esana. Adin honetan emakumeon osasuna lehen lerrora ekartzearen ardura hartu behar dugu. 

Era berean amatasuna eta kirolaren gaian fokua jarri nahi izan dugu, kontziliazioak eta kirolaren esparruak gugan duen inpaktua aztertu asmoz. Mahai inguruan, herriko emakume desberdinei ahotsa emango diegu, eta bertan zer nolako arrakala dagoen ikusarazi. 

Zaintzak direla eta, kirola alboratu duten emakume asko ezagutzen ditugu. Gugan onura ugari izan arren, besteen beharrak lehenesten baititugu. Beraz, arlo hau ere genero ikuspegitik landu behar dela uste dugu, etengabe errepikatzen den patroia baita. Horregatik, urtero gure herrian kirola eta emakumeari eskainitako hilabetea ospatzen dugu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!