Bigarren saioa izango du gaur, Erribera kulturguneko terrazan, 'Ilunabarrak teilatupean' zikloak. Oraingoan, 'Dantza eta ondarea' ikuskizuna eskainiko du Node dantza konpainiak, arratsaldeko 19:30etan hasita. Sarrerak salgai daude Erriberan bertan eta astigarraga.eus atarian: helduenak 8 euroan eta adin txikikoenak 4 euroan, edaria barne.
Node konpainiaren hiru pieza eskainiko dituzte, 50 minutuko saioan: 'Batu', 'Ama badok' eta 'Emakumeak'. Myriam Perez Cazabon, Borja Bardonabe eta Jone Amezaga dira dantzariak, eta Iosu Yereguik jarriko du ahotsa. «Gure historiaz, gure herriaz eta askatasunaz hitz egiten duten hiru istorio dira, bat eginda», azaldu dute.