Ikastaroz bete-betea dator asteroko agenda, Erribera kulturgunean. 14 ikastaro ezberdin eskainiko dituzte bertan, Astigarragako Udalak zein herriko elkarteek antolatuta; eta 36 saio izango dira astero, astelehenetik larunbatera.
Horietako zenbait urriaren 1etik ekainaren 15era izango dira, eta gaur zabalduko dute izenemate epea. Urriaren 1era arte, lehentasuna izango dute Astigarragan erroldatutakoek, eta haien ondoren, joan den ikasturtean ikastaro berean aritutakoek. Hortik aurrera, izenemate ordena errespetatuko dute. Honakoak dira ikastaroak: joskintza, haur eta gaztetxoentzako urban dance, argazkilaritza, dantza latinoak, yoga, zura tailatzea, emozioen eta estresaren kontrola, eta bertso eskola. Azkeneko hori doakoa da, eta asteazkenetan izango dira saioak: 10-12 urtekoena 16:45etatik 17:45etara, eta 13-16 urtekoena 18:00etatik 19:00etara. Gainerakoetan, ikastaroen iraupenaren araberakoa da prezioa, 100 eta 250 euro artekoa. Astigarragako jubilatuek, langabeek eta pentsioa bakarrik jasotzen dutenek, %25eko deskontua izango dute.
Ikastaro bakoitzeko txandak, ordutegiak eta prezioak eskuragarri daude Erriberan bertan eta astigarraga.eus atarian.
Arte, dantza edota xake ikastaroak ere, aukeran
Beste sei ikastaroren informazioa ere eskuragarri dago horietan, herriko elkarteek antolatutakoak. Astigartek, esaterako, arte tailerra antolatu du adin tarte ezberdinetarako (6-10 urte, 11-12 urte eta helduak), urritik ekainera. Irailaren 16tik 28ra eman beharko da izena, Erriberan.
Astigar dantza taldeak, berriz, euskal dantzen ikastaroa eskainiko du astearte eta ostiral arratsaldetan, bost txandatan, urritik uztailera. Aste honetan eman behar da izena, irailaren 12an eta 13an, 19:00etan elkartearen egoitzan. Emailez ere egin daiteke: astigardt@gmail.com.
Matazak elkarteak bi ikastaro antolatu ditu: osasunerako gorputz ariketena gaurtik ekainera, astelehen eta asteazken goizetan; eta sevillanak dantzatzen ikastekoa urritik ekainera, asteazken eta ostegun arratsaldetan. Bietan, irailean zehar eman behar da izena. Aurreneko ikastarorako, 677 934 352 telefonora deitu daiteke, edo cristina.zaldua@kibai.es helbidera idatzi. Bigarrenerako, berriz, astisevillanak@gmail.com helbidera idatzi behar da.
Xake ikastaroa ere izango da aukeran, Astigarragako Xake Klubaren eskutik. 7-14 urtekoentzako da, asteazken arratsaldez; eta astigarragaxake@gmail.com helbidean eman daiteke izena. Gainera, doako saioak egingo dituzte ostegun arratsaldetan, 17:00etatik 19:00etara.
Eta Emakumeon Etxeak, azkenik, zabalik dauka erditze osteko yoga ikastaroan izena emateko epea, irailaren 20ra arte. Urritik abendura izango dira saioak, astelehen eta asteazken arratsaldez, eta whatsappez eman behar da izena (617 821 650).