Jon Garañoren 'Marco' filma, Oscarretarako aurreizendatuta

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 8a, 00:00

Jon Garaño eta Aitor Arregi (erdian), Veneziako Zine Jaialdian. Argazkia: Moriarti

Oscar sarietan izateko hiru hautagaien artean dago astigartarrak eta Aitor Arregik zuzendutako filma.

 

Oscar Sarien galan egoteko beste aukera bat dauka Jon Garaño zinegile astigartarrak. Izan ere, berak eta Aitor Arregi oñatiarrak zuzendutako 'Marco' filma dago Espainiako Zine Akademiaren hiru hautagaien artean, nazioarteko film onenaren sarian Espainia ordezkatzeko. Javier Maciperen 'La estrella azul' eta Isaki Lacuestaren 'Segundo premio' dira beste bi hautagaiak.

Aste honetan eman du hiru hautagaien berri Zine Akademiak, eta irailaren 18an jakinaraziko du hiruetatik zein izango den Oscar Sarietan.

 

Enric Marcoren bizitza oinarri, Garañoren eta Arregiren filmak

Gehienbat Bartzelonan kokatzen da 'Marco' filma, eta Enric Marco Battleren bizitza du oinarri. CNT sindikatuaren idazkari nagusi izan zen, eta Amical de Mathausen elkartearen presidente. Makina bat hitzaldi eman zituen, eta jendearen aitortza eta sinpatia lortu zuen, ustez nazien kontzentrazio esparruetan egon eta ihes egitea lortu zuela eta. Gerora deskubritu zen iragan faltsu bat eraiki zuela, eta bere biografiaren datuak manipulatu zituela, Bigarren Mundu Gerran Flossenburgeko kontzentrazio eremuan biziraun zutenen artean agertzeko.

Honela dio filmaren sinopsiak: «Sekula existitu ez zen deportatu bat izan zen Enric Marco; imajinatzen zaila den gezur bati eusteko gai izan zena iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean. Kontzentrazio eremu batean preso egon zela, alegia. Karismatikoa zen eta konbentzitu egiten zuen, eta Holokaustoaren Biktimen Espainiako El­kartearen presidente izatera iri­tsi zen. Figura nabarmena eta miretsia izan zen, bere ustezko ausardiari eta sufrimenduari esker. Historialari batek deskubritu zuen arte bere errelatoa erabat faltsua zela...».

Filmean, Eduard Fernández aktoreak hartzen du Enric Marcoren lekua, eta Nathalie Pozak, Chani Martínek, Jordi Ricok, Sonia Almarchak, Fermí Reixachek, Iñigo de la Iglesiak eta Julia Molinsek osatzen dute aktore nagusien zerrenda.

Veneziako Zine Jaialdian estreinatu berri dute Garañoren eta Arregiren filma, abuztuaren 31n, eta oso harrera ona izan zuen. Bertan, atzo iluntzean ziren sail nagusiko Orizzonti sariak banatzekoak, eta hautagaietako bat zen 'Marco'. Donostiako Zinemaldian ere eskainiko dute hil honetan, eta Vancouverreko eta Londresko zine jaialdietan urrian.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!