'Emakumeak eta Kirola' ekimenaren laugarren edizioa martxan jarri da

Kronika - Erredakzioa 2024ko ira. 7a, 00:00

Ostegunean aurkeztu zuten ekimena Erribera kulturgunean.

Berrikuntza gisa Funcional- Hybrid Training saioa izango da eta Gaztelekuan esgrimalari gazteen bisita jasoko dute.

 

Laugarrenez, Astigarragako Udalak Emakumeak eta Kirola kanpaina jarri du martxan. Aurreko urteetan, irailean antolatu izan bada ere, aurten irailetik azarora bitartean egingo da. Kanpainaren helburu nagusia emakumeen kirola sustatzea da, genero horretako kirolari eta kirolariei ikusgarritasuna ematea.

Astigarragako Udalak herriko eragile batzuekin sustatzen duen kanpaina honetan hainbat jarduera-mota eskainiko dira: emakumeentzako kirol jarduerak, solasaldiak, tailerrak, ikastaroak, emakumezkoen kirol txapelketak eta jaialdiak.

Ekimen honen antolaketan parte hartu duten eragileak hauek dira: Mundarro elkartea, Astigarragako kiroldegia, Astigarragako xake kluba, Gaztelekua, Emakumeon Etxea eta Galtzaur elkartea.
Ekimenaren baitan eskainiko diren jarduerak, bi izan ezik, doakoak izango dira. Azken jarduera, azaroaren 16an izango da, Patri Espinarrek gidatutako emakumeen ahalduntzerako mendi orientazio ikastaroa.
Publiko ezberdinari zuzendutako jarduerak burutuko dira: herritar orori zuzendutakoak; edozein neraberi zuzendutakoak; eta soilik emakumeei zuzendutakoak.

 

Amatasuna eta ariketa fisikoa kontziliatzeari buruzko mahai- ingurua, urriaren 3an

Nabarmendu beharreko jardueren artean urriaren 3an egingo den amatasuna eta ariketa fisikoa kontziliatzeari buruzko mahai-ingurua dugu. Solasaldia 18:00etan izango da, Emakumeon Etxean. Bertan, herriko ama batzuek parte hartuko dute eta moderatzaile lanetan Sara Majarenas Ibarreta arituko da. Emakume kirolariek edota kirola egiten dutenek beraien amatasunean izaten dituzten zailtasunez, eragozpenez eta bizipenez arituko dira.

 

EMAKUMEAK ETA KIROLA

ASTIGARRAGA

IRAILAK 12, OSTEGUNA

18:00-19:00 Hitzaldia: 'Menopausia garaian kirolaren onurak eta mugak'. Sara Majarenasek eskainiko du, emakumeentzako bakarrik, Emakumeon Etxean. 

IRAILAK 14, LARUNBATA

10:30 Piraguan paseoa, Olatz Alkortarekin, Martutenen. Emakumeentzako bakarrik. 

IRAILAK 15, IGANDEA

09:30 Urumea bailarako nesken eskubaloi txapelketa. Kiroldegian.

IRAILAK 20, OSTIRALA

18:30 Emakumezko esgrimalari gazteekin solasaldia eta modalitatearen praktika. Gaztelekuan. 

IRAILAK 21, LARUNBATA

11:00-12:00 Pala ikastaroa, hastapena. Txomiñenen, emakumeentzako bakarrik. 15 urtetik gorakoentzat. 

IRAILAK 22, IGANDEA

17:00 Nesken pelota jaialdia, Txomiñenen. 

IRAILAK 25, ASTEAZKENA

18:00-19:00 Judo tailerra, hastapena. Emakumeentzako bakarrik, kiroldegian. 

IRAILAK 28, LARUNBATA

16:00-18:00 Xake ikastaroa, hastapena. Erriberan, S02 gelan, emakumeentzako bakarrik. 

URRIAK 3, OSTEGUNA

18:00-20:00 Mahai ingurua: 'Amatasuna eta ariketa fisikoa kontziliatzen. Emakumeon etxean. 

URRIAK 6, IGANDEA

11:00-13:00 Funcional-Hybrid training saioa, Urumea kaleko plazan, emakumeentzako bakarrik. 

URRIAK 18 eta 25, OSTIRALA

17:00-20:30 Eskalada ikastaroa, hastapena, emakumeentzako bakarrik, Tokia zehazteke.

URRIAK 19 eta 26, LARUNBATA

10:00-13:30 Eskalada ikastaroa, hastapena, emakumeentzako bakarrik, Tokia zehazteke. 

AZAROAK 1, OSTIRALA

17:00-10:30 Emakumeon ahalduntzeko mendi orientazio ikastaroa, emakumeentzako bakarrik, Astigarraga inguruko herrietan. 

AZAROAK 2, 9, 16

09:30-13:30 Emakumeon ahalduntzeko mendi orientazio ikastaroa, emakumeentzako bakarrik, Astigarraga inguruko herrietan. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!