Tangoa izango da protagonista gaur Astigarragako Erriberan. 'Ilunabarrak teilatupean' programaren barruan, Kanbalatxe tango taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute astigartarrek. Erriberako terrazan izango da dantza emanaldia, eta sarrerak 8 euro balio ditu helduentzat, eta 4 euro adin txikikoentzat, edariak barne.
Elkar ukitzen duten bi kulturen arteko fusioa da Kanbalatxe: «Bi munduren arteko bidaia bezala jaio ginen: bata euskalduna eta bestea Río de Platakoa. Musika gara, eta dantza gara». Tangoak elkartzen ditu, hala azaldu dute taldeko kideek: «Gure esku eta ahotsetan, tangoa esperientzia partekatua da, eta tangoaren esentzia bera aurkitzen dugu: nostalgia, maitasuna, tristura eta alaitasuna».
Irailak 13an, azkena
'Ilunabarrak teilatupean' programaren azken emanaldia izango da irailaren 13an. Erriberako terrazan dantza garaikidea eta zuzeneko kantua izango dira protagonista, azken emanaldi honetan. Oholtzan, Myriam Perez Cazabon, Borja Bordonabe eta Jone Amezaga dantzan, eta Iosu Yeregui kantuan. 20:00etan izango da kontzertua.