Gaur arratsaldean egingo du, Astigarragako Udalak, Mendiaundi-Anibarreko udal baratzeen zozketa. 18:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan, eta edonor bertaratu daiteke, ekitaldi publikoa baita.
38 baratze zozketatuko dituzte, eta 99 eskatzaile dira guztira, bost taldetan banatuta. Desgaitasunen bat duten pertsonen taldean, bost eskatzaile dira, eta bi baratze banatuko dituzte. 35 urtetik beherakoen kasuan, 13 eskatzaileetatik zortzik jasoko dute baratzea. 65 urtetik gorakoen artean, 12 eskatzaileetatik zortziri esleituko diete baratze bana. Langabezian daudenen multzoan, zortzi baratze daude gordeta, baina soilik bost dira eskatzaileak. Eta talde orokorrean, gainerako herritarrek osatzen duten horretan, 64 eskatzaile dira, eta 15 baratze zozketatuko dituzte: talde honetarako gordeta zeuden 10ak, langabetuenean sobratutako hirurak, eta interes taldeei eskaini zitzaizkien eta erabiliko ez dituzten beste bi.
Uztailean argitaratu zuten herri baratzeen zozketan parte hartzeko onartutako eta baztertutako eskatzaileen zerrenda, eta alegazioetarako epea zabaldu zuten. Epe hori igarota eta alegazioak erantzunda, dagoeneko ikusgai dago behin betiko zerrenda, astigarraga.eus webgunean. Onartutakoen artean egingo dute zozketa, gaur.