Beste urte batez, sagardo lehiaketa antolatu du Kizkia Taldeak, irailerako. 23garren edizioa izango du aurtengoa, eta hileko lau asteazkenetan jokatuko da, Gure Izarra elkartean: hiru kanporaketa egingo dituzte, irailaren 4an, 11n eta 18an; eta hilaren 25ean izango da finala.
Guztira, 16 sagardogilek hartuko dute parte lehiaketan: Astigarragako Petritegi, Alorrenea eta Lizeaga, Hernaniko Altzueta, Aiako Izeta, Adunako Zabala eta Aburuza, Donostiako Calonge eta Astiazaran, Aginagako Urdaira, Urnietako Oianume eta Eula, Lizartzako Goikoetxea, Usurbilgo Saizar, Andoaingo Mizpiradi, eta Zeraingo Oiharte.
Kizkia Taldeko kideek egingo dute sagardoen balorazioa, otordu baten bueltan, jatekoa ere izango baitute: arraia, oilasko hegalak eta ogia, taldetik aditzera eman dutenez.