Atzo amaitu ziren Ergobiako Jai haundiak, baserritarren egunarekin batera. Izugarrizko giroa izan zen Astigarragako auzoan, festek iraun duten lau egun hauetan, eta orain, Hernaniko Portu auzoari tokatzen zaio erreleboa hartzea.
Egun borobila izan zuten atzo ergobiarrek, ikuskizun ederrekin. Egun eguzkitsua izan zen, eta irudi ederrak utzi zituen, bereziki, animalien ikuskizunek. Goizeko 11:00etan izan zen lehen ikuskizuna, idi-dema. LVIII. Ergobiko Sari Handia izan zen jokoan eta hiru partehartzaile aritu ziren lehian: Matxain, Pagadizabal eta Igeldo. Pagadizabalek eraman zuen Ergobiko Sari haundia, 54 plaza osatuta. Hala ere, lehiakideak ez ziren urruti ibili, Matxainek 52 plaza eta Igeldok 50. Ondoren, bazkari ofiziala egin zuten, menu konpleto batekin. 17:30etan hasi zen zaldi proba, Imanol Paolla eta Santa Klararen zaldiekin.
Eguzkia desagertzen zihoan bezela, zezen suzkoa atera zen auzoko kaleetan barrena, eta su artifizialak ere izan ziren. Azkenik, jaiak amaitzeko, ERGOBISION ikuskizun famatua egin zuten auzotarren artean.
Orain, ergobiarrek erreleboa emango diote Hernaniko Portuko auzotarrei.