Jendetza espero zen atzokoan Ergobiko Jaietan, eta ez zuen hutsik egin urteroko zita nagusiak. Azkenean eguraldiak lagundu zuela aprobetxatuta, lepo bete zen plaza eguerdian, sagardo dastaketaz gozatzeko. Edalontzi eta kopa guztiak salduta, sagardoa ere agortu zen azkenerako, Sagardo Lehiaketaren epaimahaiak bere erabakia jakinaraztearekin batera: Irigoien-Herrerok jantzi zuen 61garren edizioaren txapela, 125 puntu eskuratuta.
Ezin estuagoa izan zen lehia, puntu bakarreko aldea izan baitzuen Lizeaga sagardotegiarekin (124). Hirugarren posturako, berriz, desenpatea ere egin behar izan zuten, berdinduta zeuden bi sagardoak berriro dastatuta: Barkaiztegik lortu zuen hirugarren saria azkenean, 119 punturekin. Laugarren hori zein zen ez zuten jakinarazi, araudiak hala aginduta.
Ainitze Zumetak eta Mikel Lopetegi 'Urra'k marka berria, harri baldarretan
Arratsaldean jarri zituzten beste bi txapel jokoan, harri baldarren txapelketekin. Eta bietan izan zen ikuskizun ederra, baita marka ikusgarriak ere. Emakumezkoetan, 'Etxepazter' harriarekin lanean, Ainitze Zumeta zarauztarrak jantzi zuen txapela, duela bi urte bezala. Iazko txapeldunak, Karmele Gisasola mallabiarrak, ezin izan zuen parte hartu azkenean, min hartuta baitago; baina itzalik gabeko garaipena izan zen Zumetarena: 45 jasoaldirekin, Gisasolaren iazko marka (41) bota zuen, azkeneko bi minutuetan oso erritmo bizian arituta. Maddi Gesalaga zarauztar gaztea izan zen bigarren, 38 jasoaldirekin, iaz lortutako 23ak zazpigarren minuturako gainditu ondoren. Eta Lierni Osa herrikidea hirugarren, 30 jasoaldirekin.
Gizonezkoetan ere izan zen errekor berririk, 'Harri Beltza'ren txapelketan: 55 jasoaldira igo zuen koxka Mikel Lopetegi 'Urra' zarauztarrak, iazko 54ak azkeneko segunduetan gaindituta, gogotik sufritu arren. Errekorra botatzeko ez ezik, txapela janzteko ere izan zituen lanak. Izan ere, aurretik, 52 jasoalditan jarri zuen langa Paulo Azpiazu bergararrak, lan bikaina osatuta. Xabat Olaizola zarauztarra izan zen hirugarren (45), iazko 49 jasoaldietara iritsi ezinik; eta Iraitz Arruti herrikide gaztea laugarren, 40 jasoaldi lortuta.
Idi-dema eta zaldi proba, gaur
Gaur ere protagonista izango dira harriak, baina oraingoan lurretik arrastaka. Izan ere, Ergobiko Sari Handia lortzeko lanean ariko dira hiru idi pare goizean, eta zaldi proba jokatuko dute arratsaldean.
Gaur egingo dute jaietako bazkari ofiziala ere, eta estreinakoz aterako da kalera Ergobiko haur eta helduen danborrada. 'Ergobision' tarteko, puntakoa izango da jaien bukaera, beste urte batez.
ERGOBIKO JAIETAN GAUR
Baserritarren eguna
11:00, Idi-dema: LVIII. Ergobiko Sari Handia. Hiru partehartzaile ariko dira lehian, elkarren segidan: Matxain, Pagadizabal eta Igeldo.
14:30, Bazkari ofiziala. Menua: fritoak, iberiko sorta, zapoa plantxan eta solomilloa letxuga entsaladarekin, edariak, Goxua eta kafea. Helduek 30 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro.
17:30, Zaldi proba, Imanol Paollaren eta Santa Klararen zaldiekin.
19:30, Ergobiko haur eta helduen danborrada.
23:00, Zezensuzkoa.
23:15, Su artifizialak.
23:30, Jaiak bukatzeko, Ergobision.