Sagardoa eta harriak protagonista gaur, Ergobiko Jaien egun haundian

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 25a, 00:00

Oihana Fernandez de Barrena eta Malen Barrenetxea aizkolariak lanean, atzo eguerdian.

Ohiko bi zita garrantzitsu izango ditu festen hirugarren egunak: sagardo dastaketa eta lehiaketa eguerdian, eta harri baldarren txapelketak arratsaldean. Jendetza bilduko da, eguraldia gehiegi gaiztotzen ez bada behintzat.

Erabat petraldu zitzaien eguraldia ergobitarrei, atzo arratsaldean, festen ospakizun betean. Giroa askorik ez gaiztotzeko esperantzarekin esnatuko dira gaurkoan, urteroko bi zita garrantzitsu baitauzkate prest, Ergobiko Jaien hirugarren egunerako. 

Eguerdian izango da Sagardo Lehiaketaren 61garren edizioa, eta horrekin batera, jendetza izugarria bildu ohi duen sagardo dastaketa. 16 sagardotegik hartuko dute parte aurtengoan, txapel preziatuaren bila. 

Arratsaldean, berriz, beste bi txapel jarriko dituzte jokoan; kasu horretan, harrijasotzaileen artean. Harri baldarren txapelketak jokatuko dituzte 17:30etatik aurrera. Emakumezkoetan, hirugarren edizioa izango du 55 kiloko 'Etxepazter' harriaren lehiak, lau partehartzailerekin: Karmele Gisasola 'Zelai III' iazko txapelduna, Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga. Gizonezkoetan ere, lau harrijasotzaile ariko dira, 104 kiloko 'Harri Beltza'rekin jokatuko den 10garren txapelketan: Mikel Lopetegi 'Urra' iazko garailea, Paulo Azpiazu, Xabat Olaizola eta Iraitz Arruti.
 

Erakustaldia aizkolariek, atzo

Atzo ere izan zuten protagonismorik herri kirolek, eguraldiak okerrera egin aurretik. Erakustaldi polita eskaini zuten bost aizkolarik. Aurrena, izerdia litroka bota behar izan zuen Iker Vicentek, sekulako enbortzarra mozteko. 25 minutuan botatzea aurreikusi zuen berak, baina Ergobiko Jai Batzordeak jarritako langa ere bota zuen otsagabitarrak, 23 minutukoa. Hori horrela, sari berezia eman zioten.

Ondoren, bi bikote aritu ziren lehian, elkarren kontra: Malen Barrenetxea eta Nerea Arruti batetik, eta Oihana Fernandez de Barrena eta Uxue Ansorregi bestetik. Enbor erdiko aldearekin nagusitu ziren bigarrenak, nahi baino gehiago kostata. Abantaila haundia lortu zuten hasieran, eta zain egotea ere tokatu zitzaien: Arrutik eta Barrenetxeak bigarren enborra moztu arte itxaron behar izan zuten, beraiek laugarrenarekin lanean hasi ahal izateko, ondoan. Enbor zailenak hasieran tokatu zitzaizkien Barrenetxeari eta Arrutiri, baina egoerari buelta eman zioten gero, eta aurretik zirela ekin zioten azkeneko enborrari, seigarrenari. Edonola ere, Ansorregik eta Fernandez de Barrenak lortu zuten garaipena, enbor gozoena azkenerako utzita.

Haien aurretik, dozenaka ume izan ziren izerdia bota zutenak, Andre Gobadarien ibai parkean. Ziztu bizian eta irripartsu osatu zu­ten krosaren ibilbidea, adin guztietako haurrek.

Hainbat haur ziztu batean aldapa gora, atzo goizeko Kros Txikian, Andre Gobadarien ibai parkean.


ERGOBIKO JAIETAN GAUR
Sagardo eguna

10:30, Meza Nagusia Astigarragako Andre Maria parroki elizan, auzoko hildakoen oroimenez.

11:30, LXI. Sagardo Lehiaketa. Astigarragako sagardogile guztiak izango dira gonbidatuak. Dastaketa eguerdiko 12:00etan hasiko da plazan, eta nahi adina sagardo eta pintxo izango da hurbiltzen diren guztientzat.

17:30, Harrijasotzaileak: Gizonezkoen X. Txapelketa, Ergobiko 104 kiloko 'Harri Beltza'rekin; eta Emakumezkoen III. Txapelketa, 55 kiloko 'Etxepazter' harriarekin. Partehartzaileak: Karmele Gisasola 'Zelai III', Ainitze Zumeta, Lierni Osa, Maddi Gesalaga, Mikel Lopetegi 'Urra', Paulo Azpiazu, Xabat Olaizola eta Iraitz Arruti.

21:00, Afaria, karpan. Menua: entsalada errusiarra, langostinoak, txerri kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea. Helduek 30 euro, 16 urtetik beherakoek 15 euro.

Afalostean, Izer eta Alabier.

23:00, Zezensuzkoa.

Erlazionatuak

Ergobiko Jaiak - Abuztuak 24

Kronika - Erredakzioa abu 24 Astigarraga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!