Goxoa eta berezia izan zen atzokoan, beste behin, Ergobiko Jaien hasiera. Festa giroari bidea egin aurretik, azkeneko hilabeteotan hil diren bi ergobitar gogoratu eta omendu zituzten: Ximon Goikoetxea txalapartaria eta Pepo Altuna zestapuntista. Haien senideek bota zuten txupinazoa, eta lore-sorta eta oroigarri bana eskaini zieten.
Gainera, Aritz Goikoetxeak eta June alabak (Ximonen semea eta biloba) jo zuten txalaparta, jaien hasiera iragarriz, Ximonek egin ohi zuen bezala.
Beste berezitasunik ere izan zuen plazako ekitaldiak, Ergobiko Armarria inauguratu baitzuen bere egileak, Imanol Villena 'Lolo'k, hunkituta.
Danbor hotsek ere ez zuten hutsik egin, Ergobiko danborradaren «ordezkari onenak» azaldu baitziren plazara, Ergobiko ereserkia eta Realarena eskaintzera. Eta futbol kontuekin jarraituta, Asier Acinasen oroimenezko 4x4 Futbol Txapelketaren sariak banatu zizkieten Acinasen semeek, lau talde txapeldunei: Pollitos Revueltos (2012an jaiotakoak), Xixili (2013koak), Laketers (2014koak), eta Mundatxiki (2015-2016 urteetakoak).
Hortik aurrera, haurrentzako jolasek, DJ Mikeltxiren musikak, apar festak eta txokolatadak hartu zuten protagonismoa, gaueko oilasko jatera arte.
Atzo arratsaldean motorrak berotuta, oso egitarau potoloarekin segiko du festak asteburuan. Haurren krosarekin, padel txapelketarekin edota tortilla lehiaketarekin hasiko dute gaurko eguna, aizkolariak eta bazkari herrikoia ere izango dira ondoren, eta Zapotxin pailazoa eta Itzal taldea eguna borobiltzeko.
ERGOBIKO JAIETAN GAUR
Auzotarren eguna
10:00, Kross txikia, Andre Gobadarien ibai parkean.
10:30, Padel Txapelketaren finalak, Padel 21 Astigarraga aretoan. Sariak arratsaldean banatuko dituzte, plazan.
11:00, Tortilla txapelketa. Partehartzaileek goizeko 11:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte etxean egindako tortillak.
11:00, Pasai txarangaren aurkezpena.
12:00, Aizkolariak. Iker Vicenteren erakustaldia zutikako kanako enborrarekin, eta jarraian bi bikote aurrez aurre: Malen Barrenetxea eta Nerea Arruti, eta Oihana Fernandez de Barrena eta Uxue Ansorregi.
14:30, Bazkari herrikoia, karpan. Menua: tomate entsalada, Gernikako piperrak, hegaluze mentreska parrillan, txuleta letxuga entsaladarekin, edariak, Ezeizako pasteltxoak eta kafea. Helduek 35 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro.
17:00, 'Ai, Zapotxin! Esan galtzerdi maitea!' ikuskizuna, Zapotxin pailazoarekin. Saioaren ondoren, izozkiak banatuko dituzte Leizuriren eskutik.
17:00, Toka txapelketaren hasiera. Izenematea bertan.
Egun osoan zehar, Mozorro festa. Mozorro originalenak saria izango du, eta gauean jakinaraziko dute irabazlea.
19:30, Itzal taldearen aurrerapena.
23:00, Zezensuzkoa.
23:00, Itzal taldearekin dantzaldia.