Lau eguneko festa haundiarekin, hemen dira Ergobiko Jaiak!

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 23a, 00:00

Igandeko sagardo dastaketak sekulako jendetza bilduko du Ergobiko plazan, beste urte batez.

Gaurtik astelehenera bitarte ospatuko dituzte festak auzoan, beti bezain programa potolo eta nabarmenarekin. Arratsaldeko 16:00etan emango zaie hasiera ofiziala, eta Ergobiko Armarria ere aurkeztuko dute orduan. Giro onak hartuko du Ergobi gaur bertan, baina datozen hiru egunetarako gorde dute onena.

 

Iritsi dira Euskal Herriko 'festa onentsuenak', Ergobiko Jaien ereserkiak dioen bezalaxe. Gaurtik astelehenera ospatuko dituzte, lau egun potolorekin, auzora zientoka herritar erakarriko dituzten festak.

Arratsaldean botako dute jaiei hasiera ofiziala emateko suziria, eta ohiko legera itzuliko dira: joan den urtean Robin Le Normandekin salbuespena egin ondoren, aurten sekretupean mantendu dute berriro ere, txupinazoa botatzeko ohorea eta ardura nork izango duen.

Suziria lehertzearekin batera aurkeztuko dute Ergobiko Armarria ere, eta berehala piztuko da giroa Ergobiko plazan. Haurrek gozatuko dute gehien arratsaldean zehar: jolasak, puzgarriak, apar festa, txokolatada txurroekin, DJ Mikeltxiren musika... Gaurkoa ez baita itxurakeria hutsez Haurren Eguna!

Ohiko haur jolasak izango dira gaur ere, txupinazoa bota eta berehala.

Baina txupinazoaren aurretik ere, izango dira bi hitzordu jaietan. Aurrena, Asier Acinasen omenezko 4x4 Futbol Txapelketaren finalak jokatuko dituzte goizean, 10:00etan hasita, Bidebitarte poligonoko kantxan. Atzo arratsaldean izan ziren kanporaketak, eta talde onenek lehiatuko dute sari nagusia gaurkoan.

Eguerdian, berriz, plazan pisatuko dituzte asteleheneko idi-deman parte hartuko duten hiru idi pareak.

 

Jan-edanerako aukera zabala, gaurtik bertatik hasita

Kontu gehiago aipatzen dizkigu Ergobiko Jaien ereserkiak; besteak beste, hauxe: «Gero sagardo, kaxuelak, a ze melokotoia!». Ba bai, jan-edanerako aukera zabala izango da aurtengo festetan ere, eta gaur bertan hasiko dira zintzurrak bustitzen eta sabelak bapo betetzen: Luma gorri oilasko jatea egingo dute karpan, afalorduan. Menua, klasikoa bezain ederra: entsalada mixtoa, oilaskoa, gazta, intxaurrak, irasagarra, edariak eta kafea.

Txartelak 25 euroan daude salgai helduentzat, eta 12 euroan gazteentzat (16 urtetik beherakoak). Baina nahi duenak, jaietako bazkari eta afari guztietarako bonoa ere eskuratu dezake txoznan, 115 euroan. Lau otordu izango dira guztira, gaurkoarekin batera: bazkari herrikoia bihar, afaria igandean, eta bazkari ofiziala astelehenean.

Dantzarako aukerarik ez dute faltako haurrek zein helduek, aurtengo jaietan ere.

Horiek ez dira izango, noski, jan-edanerako aukera bakarrak. Esan beharrik ez dago, ez duela hutsik egingo Ergobiko Sagardo Lehiaketak, igande eguerdian. 61garren edizioa du aurtengoa, eta beti bezala, jendetza espero da plazan, herriko sagardogileen sagardoak eta pintxo goxoek erakarrita.

Gaurko eguna, jaien estreinakoa, borobilduko dute gauero kale buelta egingo duen zezensuzkoak, eta DJ Mikeltxiren musikak. Itzal taldea eta Izer eta Alabier trikitilariak arduratuko dira datozen bi gauak girotzeaz.

Protagonismo haundia izango dute herri kirolek, beste urte batez, ia egunero erakustaldi ederrak eskainita. Kirolekin jarraituta, haurren krosa eta padel txapelketaren finalak ere jokatuko dituzte, bihar goizean.

Eta lau eguneko jaiaren ondoren, beti bezain borobila izango da bukaera: su artifizialak eta 'Ergobision'.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!