Bere armarri propioa izango du Ergobik, aurrerantzean. Gaur arratsaldean aurkeztuko dute Ergobiko armarria, 16:00etan, jaien hasierako txupinazoa botatzearekin batera. Plazako pareta batean jarri dute, 6 zenbakidun atariaren gainean, Ergo tabernaren ondoan. Estalita izan dute egunotan, eta gaur geratuko da agerian, jendaurrean aurkeztuko duten unean.
Imanol Villena 'Lolo' herritarrak osatu du: «Ergobik ez zeukan armarririk, eta bat sortzea bururatu zitzaigun. Orduan, Imanoli komentatu genion, ea egiteko moduan izango litzatekeen. Oso txikia zela etorri zen Ergobira bizitzera, familiarekin; eta mañosoa da. Esan zigun baietz, egiten dituela horrelako gauzak», azaldu du Mikel Ubarretxenak.
Artista topatuta, zer nolako armarria nahi zuten erabaki behar zuten; eta garbi zeukaten Ergobiko ikur nagusiak bildu behar zituela. Zubia da armarriko elementu nagusia, Ergobiko ikur nagusia den bezalaxe: «Dokumentatuta dago 1519koa dela egungo zubia. Aurretik, bat baino gehiago izan ziren egurrezkoak. Urumean ez da izango halako beste zubirik, daudenak berriagoak dira; eta Ergobik daukan sinbolo garrantzitsuena izango da. Beraz, garbi geneukan armarrian azaldu beharra zeukala».
Beste hiru ikur elkarren ondoan, plazan bertan bezala
Armarriaren goiko zatia hartzen du zubiak, alderik alde. Haren azpian, berriz, beste hiru elementu ageri dira, fondo txuri-urdinaren gainean: kutxa gotorra, aska eta kupela. Hirurak daude islatuta plazan bertan ere, elkarren ondoan.
Kutxa gotorraren kontua aspaldikoa da: «Gaur egun plazan dagoenak 10-12 urte izango ditu, baina originalaren ordez jarri genuen hau. Plazaren atzeko aldean bazen txatarreria bat, eta bertako jabeak ekarri zuen hura, kutxa izugarri haundia. Bi metro eta erdiko altuera izango zuen, eta metro bat izango zen luze eta zabal. Bere atea zeukan. Eprepa etxearen aurrean utzi zuten, atearen ondoan, eta urte pila batez egon zen bertan». Auzoko ikur bilakatu zen kutxa gotorra, horrela: «Nik gogoan daukat kutxa hura. Ez zuten sekula ireki, baina bere garaian erremintak gordetzeko erabiltzen omen zen», kontatu du Ubarretxenak.
Plaza berritu zutenean kendu zuten kutxa hura, eta haren ordez jarri zuten berria, txikiagoa, duela hamarkada bat: «Azkeneko hau ez zen Ergobin azaldu, Irundik ekarri zuten. Gure etxe azpian, zenbait urtez izan zen arropa almazen bat, eta hemendik Irunera mugitu zuten negozioa. Orduan, hango lokal berria garbitzen ari zirela, kutxa hau topatu zuten, eta Ergobira ekarri genuen, aurrekoa ordezkatzeko».
Aska ere islatu dute armarrian, gaur egungo plazan iturria dagoen arren. «Lehenengo aska, nik gogoan daukadana, duela 30 bat urte botako zuten. Plazaren erdian zegoen aska hura, gutxi gorabehera. Santiomenditik zetorren aska horretako ura, eta inguruko baserrietako abereek edaten zuten bertatik. Ikuilutik askatu, eta bertara joaten ziren ura edatera, garai hartan ez baitzegoen urik etxeetan». Aurrerago, aska hura botatakoan, bigarren bat ere egin zuten toki berean, baina egun ez dago askarik. Horien ikur gisa jarri zuten iturria, edateko urarekin, duela 15 bat urte.
Kupela da hirugarren ikurra, ezin zena armarrian falta: «Ergobi eta Astigarraga oso sagardo ohitura haundikoak dira betidanik. Bere garaian, Ergobiko plazan bakarrik, zortzi sagardotegi omen zeuden, etxeetako bajuetan. Orain ez da bat bera ere geratzen; Herrero izan zen azkenekoa, eta 15 urte inguru izango dira Ergobi utzi zuela. Bereziartua eta Alberro ere, besteak beste, hemen hasi ziren. Gezurra dirudi, plaza honetan zortzi sagardotegi egon zitezkeenik, zaila da gaur egun irudikatzen. Sagardoa egiten zuten, dastatzeko ireki, eta bakoitzak nahi zuen kupeletik erosten zuen sagardoa».
Garai hura gogoratzeko eta sagardotegien kutsu hori mantentzeko jarri zuten kupela plazan, iturriaren eta kutxa gotorraren artean, duela 10-12 urte hori ere. Jaietan jartzen dute 'martxan', eta aurreneko egunean izaten da sagardoa bertatik edateko aukera.
Armarrian ageri diren ikur horiek ematen dute aukera, irudikatzen kosta egiten den arren, imajinatzeko nolakoa zen Ergobi eta bere bizimodua garai batean. «Egungoak ez dauka horrekin zerikusirik; asko aldatu da Ergobi, onerako edo txarrerako».