Harriak protagonista izango dira beste behin, besoetan jasota zein lurretik arrastaka

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 23a, 00:00

Ainitze Zumeta, 'Etxepazter' harriarekin lanean, joan den urtean. Karmele Gisasolari txapela kentzen saiatuko da aurten.

Harri baldarren txapelketak izango dira igandean, eta puntako zortzi harrijasotzaile ariko dira, 'Harri Beltza'rekin eta 'Etxepazter' harriarekin lanean. Astelehenean, berriz, 58garren edizioa izango du Ergobiko idi demak, eta zaldi proba ere jokatuko dute arratsaldean.

 

Sagardo dastaketak biltzen duen jendetzak ez dauka parekorik Ergobiko Jaietan, baina herritar asko eta asko bildu ohi dira herri kirolen inguruan ere. Bost aizkolariren erakustaldia prestatu dute larunbat eguerdirako, baina harriak izango dira protagonista nagusia beste behin, ikusmin haundia piztuko duten lau txapelketarekin.

58garren edizioa izango du aurtengoa, idi demen Ergobiko Sari Handiak.

 

Igande arratsaldean jokatuko dira horietako bi, 17:30etan hasita, bi harri baldarrekin: 55 kiloko 'Etxepazter' harria, eta 104 kiloko 'Harri Beltza'. Hirugarren edizioa izango du emakumezkoen txapelketak, eta lau harrijasotzaile ariko dira lanean, 'Etxepazter' harriarekin ahalik eta altxaldi gehien egin nahian, 10 minutuan: Karmele Gisasola 'Zelai III', Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa.

Lauek ezagutzen dute 'Etxepazter' harria, joan den urtean ere bertan aritu baitziren. Baina, urtebeteko epean, harri berezia jasotzeko 'trukoa' ere ahaztuko zitzaien pixka bat. 'Zelai III' mallabiarra izango da faborito, joan den urtean txapela jantzi ondoren, 40 altxaldirekin. Baina ez du lan xamurra izango, garaipena errepikatzeko. Ainitze Zumeta zarauztarrak aurrea hartu nahiko dio, bere bigarren txapela janzteko: 2022ko txapeldunak 36 altxaldi lortu zituen iaz, tiroi batek jota bukatu arren.

Lierni Osak ere sartu nahiko du txapelaren lehian. Zumetarekin berdinduta bukatu zuen duela bi urte, baina berak pisu gehiago izanagatik galdu zuen txapela. Joan den urtean 31 altxaldirekin geratu zen, baina aurreko biak estu hartzeko prest itzuliko da aurten.

Erronka zailagoa izango du Maddi Gesalagak. 16 urteko zarauztarrak 23 aldiz jaso zuen 'Etxepazter' harria iaz, eta esperientzia horrekin, koxka bat gora egitea izango du helburu.

 

Mikel Lopetegi 'Urra'k 54 altxalditan jarri zuen 'Harri Beltza'ren marka iaz. 

 

Mikel Lopetegi 'Urra', txapel eta marka bila berriro

Gizonezkoetan ere, lehia bizia espero da, faborito argi bat izan arren: Mikel Lopetegi 'Urra' zarauztarra. 10garren edizioa du gizonezkoen txapelketak, 'Harri Beltza'rekin, eta lau txapel jantzi ditu berak (2018, 2021, 2022 eta 2023). Joan den urtean, gainera, koxka bat gorago jarri zuen errekorra, 54 altxaldirekin, aurretik zeukan marka baino bat gehiago.

Txapel eta marka bila bueltatuko da Ergobira berriro, baina ez dauka despistatzeko aukerarik, hiru kontrario gogor izango baititu gaurkoan: Xabat Olaizola zarauztarra, Paulo Azpiazu bergararra eta Iraitz Arruti zarauztarra.

Joan den urtean, hortzak erakutsi zizkion Olaizolak 'Urra'ri, eta lan ikusgarria egin zuen, bigarren sailkatzeko: 49 altxaldi lortu zituen. Txapelduna are gehiago estutu nahiko du aurten.

Horretan saiatuko da Paulo Azpiazu ere. 2022ko esperientzia lagun, duela bi urte baino indartsuago etorriko da, faboritoari txapela kentzeko ahaleginean. 'Urra'ren atzetik bigarren izan da Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketan, azkeneko bi edizioetan.

Iraitz Arruti 'Burni Txiki' gaztea izango da aurtengo debutaria, 22 urterekin.

 

Matxainen, Pagadizabalen eta Igeldoren idi pareak aurrez aurre, astelehenean

Bestelako harriak izango dira protagonista astelehenean, Ergobiko plazan bertan. Oraingoan, arrastaka ibiliko dituzte, plazako harrizko lurrean. Idi dema izango da goizean, mende erdia aspaldi gainditu zuen txapelketarekin: 58garren edizioa izango du Ergobiko Sari Handiak, eta hiru idi pare ariko dira lehian aurtengoan, goizeko 11:00etan hasita: Matxainena, Pagadizabalena eta Igeldorena.

Interesa dutenek, lehiatuko diren idiak ezagutzeko aukera izango dute gaur bertan, idien pisaketa egingo baitute eguerdiko 13:00etan, plazan.

Eta bukatzeko, astelehen arratsaldean, zaldiek hartuko diete erreleboa idiei. Zaldi proba jokatuko dute Ergobiko plazan, eta bi zaldi ariko dira harriari tiraka, nor baino nor gehiago: Imanol Paolla ereñotzuarrarena, eta Santa Klararena.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!