Ergobik ostiralean hartuko die erreleboa Goizuetako Fiestei, lau eguneko programarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 20a, 00:00

Sagardo dastaketak bildu ohi du jende gehien, Ergobiko Jaietan.

Abuztuaren 23tik 26ra ospatuko dituzte Ergobiko Jaiak, eta beti bezain egitarau potoloa osatu dute. Ostiral goizean 4x4 Futbol Txapelketaren finalak jokatu ondoren, arratsaldean botako dute txupinazoa.

Urumea ibaian behera egingo du jai giroak egun hauetan, eta Ergobik hartuko die erreleboa Goizuetako Fiestei, ostiraletik aurrera. Lau egunez ospatuko dituzte Ergobiko Jaiak aurten ere, abuztuaren 23tik 26ra, egitarau bete-betearekin.

Asier Acinasen omenezko 4x4 Futbol Txapelketarekin hasiko dituzte jaiak. Ostegun arratsaldean jokatuko dituzte kanporaketak, 16:00ak aldera hasita; eta talde onenek ostiral goizean jokatuko dituzte finalak, Bidebitarte poligonoko kantxan. Gaur arte eman daiteke izena, 660 777 976 telefonora idatzita, whatsappez.

Txupinazoan, bi sorpresa

Futboleko finalen ondoren, ostiral arratsaldean botako dute txupinazoa, eta bi sorpresa izango ditu. Bata, ohi bezala, suziria nork botako duen aurten, sekretupean gorde baitute omenduaren izena. Eta bestea, Ergobiko Armarriaren aurkezpena. Auzotar batek egin du azkeneko hilabeteotan, eta ostiralean aurkeztuko dute jendaurrean.

Hortik aurrera, haurrentzako jolasak, apar festa, musika eta txokolatada izango dira arratsaldean, eta oilasko jatea afalorduan. Festak asteburuan joko du goia. Larunbatean, haurren krosa, padel txapelketa, tortilla lehiaketa eta aizkolariak izango dira goizean, bazkari herrikoia ondoren, eta Zapotxin pailazoaren emanaldia arratsaldean, Itzal taldeak denak dantzan jarri aurretik. Igandean, berriz, bi hitzordu seinalatu, jendetza erakarriko dutenak: sagardo dastaketa goizean, eta harri baldarren txapelketak arratsaldean.

ERGOBIKO JAIAK 2023

ABUZTUAK 23, ostirala
Haurren eguna

10:00, Asier Acinas III. Futbol 4x4 Txapelketaren finalak, Bidebitarte poligonoko kantxan. Kanporaketak ostegun arratsaldean. Informazioa eta izenematea gaur arte, whatsappez 660 777 976 (Koldo) telefonoan.

13:00, Jaietan parte hartuko duten idien pisaketa, plazan.

16:00, Jaien hasiera ofiziala eta Ergobiko Armarriaren aurkezpena. Segidan, haur jolasak, puzgarriak, apar festa, DJ Mikeltxi, eta txokolatada txurroekin haur guztientzat.

21:00, Luma gorri oilasko jatea, karpan. Menua: entsalada mixtoa, oilaskoa, gazta, intxaurrak, irasagarra, edariak eta kafea. Helduek 25 euro, 16 urtetik beherakoek 12 euro.

23:00, Zezensuzkoa.

23:30, DJ Mikeltxi, karpan.

ABUZTUAK 24, larunbata
Auzotarren eguna

10:00, Kross txikia, Andre Gobadarien ibai parkean.

10:30, Padel Txapelketaren finalak, Padel 21 Astigarraga aretoan. Sariak arratsaldean banatuko dituzte, plazan.

11:00, Tortilla txapelketa. Partehartzaileek goizeko 11:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte etxean egindako tortillak.

11:00, Pasai txarangaren aurkezpena.

12:00, Aizkolariak. Iker Vicenteren erakustaldia zutikako kanako enborrarekin, eta jarraian bi bikote aurrez aurre: Malen Barrenetxea eta Nerea Arruti, eta Oihana Fernandez de Barrena eta Uxue Ansorregi.

14:30, Bazkari herrikoia, karpan. Menua: tomate entsalada, Gernikako piperrak, hegaluze mentreska parrillan, txuleta letxuga entsaladarekin, edariak, Ezeizako pasteltxoak eta kafea. Helduek 35 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro.

17:00, 'Ai, Zapotxin! Esan galtzerdi maitea!' ikuskizuna, Zapotxin pailazoarekin. Saioaren ondoren, izozkiak banatuko dituzte Leizuriren eskutik.

17:00, Toka txapelketaren hasiera. Izenematea bertan.

Egun osoan zehar, Mozorro festa. Mozorro originalenak saria izango du, eta gauean jakinaraziko dute irabazlea.

19:30, Itzal taldearen aurrerapena. 

23:00, Zezensuzkoa.

23:00, Itzal taldearekin dantzaldia.

ABUZTUAK 25, igandea
Sagardo eguna

10:30, Meza Nagusia Astigarragako Andre Maria parroki elizan, auzoko hildakoen oroimenez.

11:30, LXI. Sagardo Lehiaketa. Astigarragako sagardogile guztiak izango dira gonbidatuak. Dastaketa eguerdiko 12:00etan hasiko da plazan, eta nahi adina sagardo eta pintxo izango da hurbiltzen diren guztientzat.

17:30, Harrijasotzaileak: Emakumezkoen III. Txapel­keta, 55 kiloko 'Etxepazter' harriarekin; eta Gizonezkoen X. Txapelketa, Ergobiko 104 kiloko 'Harri Beltza'rekin. Partehartzaileak: Karmele Gisasola 'Zelai III', Ainitze Zumeta, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga emakumezkoetan; eta Mikel Lopetegi 'Urra', Paulo Azpiazu, Xabat Olaizola eta Iraitz Arruti gizonezkoetan.

21:00, Afaria, karpan. Menua: entsalada errusiarra, langostinoak, txerri kostilla, edariak, limoi sorbetea, torrijak natillekin eta kafea. Helduek 30 euro, 16 urtetik beherakoek 15 euro.

Afalostean, Izer eta Alabier.

23:00, Zezensuzkoa.

ABUZTUAK 26, astelehena
Baserritarren eguna

11:00, Idi-dema: LVIII. Ergobiko Sari Handia. Hiru partehartzaile: Matxain, Pagadizabal eta Igeldo.

14:30, Bazkari ofiziala. Menua: fritoak, iberiko sorta, zapoa plantxan eta solomilloa letxuga entsaladarekin, edariak, Goxua eta kafea. Helduek 30 euro, 16 urtetik beherakoek 20 euro.

17:30, Zaldi proba, Imanol Paollaren eta Santa Klararen zaldiekin.

19:30, Ergobiko haur eta helduen danborrada.

23:00, Zezensuzkoa.

23:15, Su artifizialak.

23:30, Jaiak bukatzeko, Ergobision.

*Bazkari eta afari guztietarako helduen tiket bonoa 115 euroan dago salgai: Ergo tabernan abuztuaren 22ra arte, eta txoznan jaietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!