Santiomendiko Jaia eta San Roke eguna

Festa giro herrikoiaz gozatzeko aukera izango da bihar eta etzi Santiomendin

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 14a, 00:00

Jende ugari elkartu zen iaz tortilla eta sagardo lehiaketan.

Gaur bertan hasiko dira motorrak berotzen ermitan jokatuko duten Mus Txapelketarekin. Hala ere, biharkoa eta etzikoa izango dira egun haundiak; aurtengoan ere kontzertuak, herri kirol erakustaldiak, otordu herrikoiak eta askotariko jarduerak antolatu dituzte. 

Iristear dira Santiagomendiko jaietako egun haundiak. Gaur gauean hasiko dira giroa berotzen, eta bihar eta etzi egun osoko festaz gozatzeko aukera izango da ermitaren inguruan. 

Gaur Mus Txapelketa jokatuko dute bertan, gaueko 22:00etan hasita. Parte hartu nahi duten bikoteek iluntzeko 21:30etatik aurrera eman ahalko dute izena. 20 euro ordaindu beharko ditu bikote bakoitzak. 

Hala ere, bihar eta etzi hasiko da benetako festa giroa. Goizeko 10:00etan hasiko da diana, eta askoren eguna goizaldeko ordu txikietara arte luzatuko da ziurrenik. Ohiko egitaraua antolatu dute aurtengo festetarako, eta jende ugari elkartzea espero da. Bihar eguerdian tortilla eta sagardo lehiaketa egingo dute auzotarren artean, eta asto dema izango da ondoren. 

Larrarte sagardotegiko bazkari herrikoian indarrak hartuta, herri kirol saioa egingo dute arratsaldean auzoko eta bailarako gazteek. Bertan arituko dira Ander Altuna, Zihara Irazustabarrena, Julen Gabirondo, Iraide Martin, Jokin 'Basozabal', Olaia Lizeaga, Suharri 'Paolla' eta Irati Merkader. 

Eguna amaierara iristean, bapo afaldu eta gero, Astigarragako 3ttu erromeria taldearekin dantzatzeko aukera izango da Santiagomendin. 

 

San Roke eguna ospatuko dute ostiralean

Ostiralean festak jarraipena izango du San Roke eguneko ospakizunarekin. Behin meza bukatuta, Astigar elkarteko dantzariak eta Txirriskla taldeko txistulariak arduratuko dira ingurua girotzeaz. Gero bazkari herrikoi baten bueltan elkartuko dira auzotarrak.

 

SANTIOMENDIKO JAIAK

GAUR, abuztuak 14

22:00 Mus txapelketa ermitan. Izen ematea 21:30etatik 
aurrera, 20 euro bikoteko.

BIHAR, abuztuak 15

10:00 Diana.

11:00 Tortilla eta sagardo lehiaketa auzotarren artean.

12:00 Asto dema.

14:00 Bazkari herrikoia Larrarte sagardotegian.

18:00 Haur txokoa.

18:00 Herri kirolak ermita azpian. Ander Altuna, Zihara Irazustabarrena, Julen Gabirondo, Iraide Martin, Jokin 'Basozabal', Olaia Lizeaga, Suharri 'Paolla' eta Irati Merkader.

19:30 Toka txapelketa.

21:00 Afari herrikoia Donejakue ermitan.

Afalostean 3ttu Astigarragako erromeria taldea.

ETZI, abuztuak 16 - San Roke

11:00 Meza.

12:00 Astigar elkarteko dantzariak eta Txirrisklako txistulariak.

13:00 3ttu taldearen emanaldia.

14:00 Bazkari herrikoia. Txartelak Ikatzan salgai.

17:30 Ken Bat taldearekin dantzaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!