Uztailean Barbie pelikula eskaini zen Murgia Jauregian eta abuztuan ere kalean zineaz gozatzeko aukera izango da, Astigarragan. Novembre pelikula jarriko dute bihar, larunbatez, Murgia Jauregiaren kanpoaldean. Gaueko 22:30etan hasiko da saioa, eta doakoa izango da. Euria eginez gero, Kontxa Etxeberria plazara mugituko dute, Erribera kulturgunearen aterpera.
Zehaztasun kirurgiko eta hotzegi batekin, Cédric Jimenez zuzendariak 2015eko azaroaren 13an Parisen izandako atentatuaren ondorengo ikerketa berreraiki zuen. 2015eko azaroaren 13ko gauean, paristarren bizitza aldatu zen, gertatu ziren atentatuen ondorioz. Gertaeren ondoren, Fredek (Jean Dujardin) zuzendutako terrorismoaren aurkako unitate sekretuak (SDAT) erlojuaren kontrako lasterketa batean errudunak aurkitzen saiatu behar du pelikulan. Horretarako, CIAren laguntza eta Ines (Anaïs Demoustier) lankide gaztearen intuizioa izango dituzte. Talde horri esker, bi terrorista oso denbora laburrean aurkituko dituzte, erasoen egile intelektuala barne. Hala ere, haien ikerketak ez du etenik, gainerako terroristak bildu behar dituzte heriotza gehiago saihesteko.
Jean Dujardinek bere taldeari zuzendutako pertsonaiaren ohartarazpena ("Hemen ez dago emozio pertsonaletarako lekurik") ikusleari egindako abisu gisa ere uler daiteke.