Xakea beti izan da oso jarraitua gurean, baina azkenaldian modan jarri da eta horren ondorioz, iaz Astigarraga Xake Kluba abian jarri zuten hainbat astigartar eta inguruko herritarrek. Eta euren presentzia kalean indartu eta kluba ezagutzera emateko asmoz, aurtengo Santio jaietan lehen txapelketa antolatzea erabaki zuten.
Zenbakiek adierazten duten bezala, arrakastatsua suertatu da estreinako ekintza hau. Guztira 50 xakelari bildu ziren haur eta helduen artean, giro ederrean. Gainera, Urumea bailarako jokalariak oso ongi aritu ziren torneoan, ohorezko postuak eskuratuz.
Heldu nahiz 12 urtez azpiko kategorietan, zazpi erronda azkar jokatu zituzten eta horretarako, jokalari bakoitzak bere erlojuan bost minutu zeuzkan hasieratik, hiru segundu gehitzen zitzaizkiolarik mugimendu bakoitzeko. Azkar pentsatu eta exekutatzeko partidak izan ziren, asko jota ordu laurdenekoak, bi jokalariek euren denbora guztia xahutuz gero.
Hiru lehendabizikoek 5,5 puntu
Helduetan, goiko aldean berdintasun haundia egon zen eta podiuma egin zuten hirurek 5.5 puntu batu zituzten. Ordenagailuak hautsi behar izan zituen berdinketak eta Astigarraga Xake Klubeko Roberto Garcia gailendu zen. Eduardo Sanz astigartarra bigarren sailkatu zen eta Errenteriako Beraun Xake Klubeko Paul Sierra igo zen podiumeko hirugarren postura. Aurretik saritua izan ez zen astigartar onenaren saria Galder Gomezek eraman zuen, sailkapeneko bere seigarren postuarekin. Denek euren garaikurrak jaso zituzten.
20 ume aritu ziren xakean
Hamabi urtez azpikoetan, 20 ume aritu ziren xake taulen aurrean eta jolas kutsu nabarmena izan zuen topaketak mugimendu ilegalek zein akatsek ez zekartelako penalizaziorik. Helburua, haurrek xakean jolastu eta lagunak egitean zetzan, batik bat. Sailkapenari begira, Hugo Rodriguez donostiarra nabarmendu zen zazpi partidak irabazita eta ondoren, boskote bat sailkatu zen 5 puntutara berdinduta.
Ordenagailuak berriro ere desenpateak ebatzi behar izan zituen eta Ekai Legorburu hernaniarra bigarren eta Aian Rodriguez donostiarra hirugarren bezala utzi zituen, hirurak ere Gros Xake Taldeko partaideak. Haiek ere euren garaikurrekin etxeratu ziren eta beste haur guztiek, dominak lepoan jarrita harro eta irribarretsu egin zuten etxerako bidea.