Lur Barnea musika taldeak 'Iruñea 824' abestia kaleratu du

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 7a, 00:00

Nabarraldek antolatutako jardunaldietan aurkeztu zen, Astigarragan, abestia.

Lehenago konposatu bazen ere, ofizialki maiatzean estreinatu zen, Astigarragako Kultur Etxean

 

Lur Barnea musika taldeak Iruñea 824 abestia argitaratu du, Orreagako bigarren batailaren 1.200 urteurrena ospatzeko. Grabaketa duela gutxi egin bazen ere, abestia duela zenbait hilabete konposatu zen, eta maiatzean Astigarragan estreinatu zen zuzenean, Nabarraldek Orreagako batailari buruz antolatutako ekitaldi batean. Xabier Irujo eta Peio Monteano  bezalako historialari ezagunek  hartu zuten parte ekitaldian eta musika taldeak zorroztasun historikoarekin zuen konpromisoa azpimarratu zuten. Bideoklip batez ere lagundu dute abestia, Youtubeko plataforman dago ikusgai. Obra honek Orreagako bigarren batailaren 1200. urteurrena ospatzen du, non, baskoiek, Eneko Aritza buru zutela, armada frankoa berriro garaitu zuten, eta, horrela, 824. urtean Iruñeako Erresumaren sorrera markatu zuten.

Lur Barnea folk rockean espezializatutako musika taldea da, eta ezaguna da bere musikaren bidez Euskal Herriko historia kontatzeagatik. 2021ean sortutako taldeak zehaztasun historikoari eta euskal musika tradizionalari eskainitako pasioari esker, 1521ean Noaingo gudua edo 1522an Amaiurko gazteluaren defentsa bezalako istorioak kontatu ditu. Aurkeztu berri duten lanak ere, folk rock estilo bereizgarria izan du oinarri, Eneko Benitok (Garilak 26) interpretatutako albokarekin aberastuz, eta Iñigo Obeso musikariaren laguntzarekin xirulan. Juan de la Vega EITBko kazetariak ere parte hartu du off ahotsekin. Zehaztasun historikoa funtsezko zutabea da taldearentzat, eta hitzak Iñaki Idigorasek eta Beñi Agirre historialariak idatzi dituzte.

«Hunkituta gaude gure historiaren zati garrantzitsu hau gure jarraitzaileekin eta mundu osoarekin partekatu ahal izango dugulako», dio Aingeru Gorrotxategi taldeko konpositoreak. «Iruñea 824 abestia ez ezik, gure arbasoen ausardiari eta erresistentziari egindako omenaldia ere bada», gaineratu du. 

Bideokliperako, Lur Barneak Martintxo Altzuetaren ilustrazioak eskuratu ahal izan dituzte, duela urte batzuk Azken esperantzaren guda abestiarekin egin zuten bezala. «Martintxoren ilustrazioak edertasun, kalitate eta zehaztasun handikoak dira, eta asko laguntzen dute kontatu nahi dugun istorioaren zatia kontatzen», dio Gorrotxategik. Taldekideek historia eta musika maite duen oro gonbidatzen dute beraien lana entzun eta ikustera, jadanik ikusgai plataforma digital guztietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!