Jon Garaño astigartarrak 'Marco' pelikula Veneziako Zinemaldian estreinatuko du abuztuaren amaieran

Kronika - Erredakzioa 2024ko abu. 6a, 00:00

Abuztuaren 28tik irailaren 7ra egingo den 'Orizzonti' sailean lehiatzeko aukeratu da, Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako filmak.

 

Marco, Aitor Arregi eta Jon Garaño zinema zuzendarien film berria Veneziako 81. Zinemaldian parte hartzeko aukeratu dute. Orizzonti sailean lehiatuko da, jaialdi honetako bigarren sail garrantzitsua. Jon Garaño pelikula zuzendari astigartarra da eta hainbat eta hainbat sari irabazi ditu zinemaldi ospetsuenetan.

Arregi eta Garaño egunotan aritu dira pelikulari azken ukituak ematen. Poz haundiz hartu dute berria: «Dagoen jaialdirik mitikoenetako eta zaharrenetako bat da», adierazi zuten bi zuzendariek, eta hautatuak izatea «ohore haundia» dela aitortu zuten. Orizzonti atala formatu pertsonalizatuko lan guztietara irekita dago, zineman elkartzen diren lengoaia espresiboetako joera berrien ikuspegi zabalagoarekin.

 

Lehen aldia da Moriartitarren filmetako bat jaialdi honetan aukeratzen dutena

Marco Javier Cercasen El impostor liburuaren egokitzapena da eta benetako gertakarietan oinarrituta dago. Eduard Fernandez aktore katalanak Enric Marco Batlle antzezten du, CNT sindikatuko buruzagia izan zena eta mundu guztiari nazien kontzentrazio-esparru batean preso egon zela sinetsarazi ziona urteetan zehar. Gezur horri esker, besteak beste, Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izan zen.

Benito Bermejo historialariak esan zuen Marcok ez zuela inoiz kontzentrazio-esparrurik zapaldu. Frankismoak bidalitako langile boluntarioen batailoi bateko kide gisa joan zen Alemaniara. Informazio berrien aurrean, kataluniarrak esan zuen nazien torturaren biktima izan zela eta Metzera eta ondoren Kielera joan zela. Era berean, behin eta berriz esan zuen naziei egindako kritikengatik espetxeratu zutela, 1943an, II. Mundu Gerra amaitu baino bi urte lehenago, aske utzi zutenetik.
Nathalie, Chani Martín, Sonia Almarcha, Fermi Reixach, Julia Molins, Vicente Vergara eta Jordi Rico aktoreek osatzen dute filmeko aktore taldea.

Pelikula azaroaren 8an iritsiko da zinema-aretoetara, beraz ordura arte itxaron beharko da ikusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!