'Ilunabarrak Gobadarien parkean' egitasmoak jarraipena izango du abuztuan. Gaur arratsaldean, 20:30etatik aurrera, Idoia Asurmendi abeslari arabarraren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Eguraldiak laguntzen ez badu, Kontxa Etxeberria plazara lekualdatuko dute emanaldia.
'De amar y desandar' disko berriko abestiak eskainiko ditu Asurmendik, azken hilabeteetan izandako bizipenak eta oroitzapenak biltzen dituzten letrekin. Soinuari dagokionez, ondorengo hitzekin definitzen dute antolatzaileek bere estiloa: «Soinu organikoa, akustikoa, pianoak zuzendutako melodia haundiekin, baina ñabardura askorekin: akordeoiak, kontrabaxuak, haizeak, soka...».
Kontzertua guztiz doakoa eta irekia izango da.
Bi kultur jarduera gehiago abuztua borobiltzeko
Hilabete honetan guztira hiru kultur jarduera antolatu dituzte Astigarragan. Gaurko kontzertuaren lekukoa 'Novembre' pelikularen proiekzioak hartuko du. Hilaren 10ean eskainiko dute drama generoko pelikula, Murgia jauregian. Gaueko 22:30etan izango da hori.
Azkenik, abuztuko azken ostiralean, hilaren 30ean, Gobadarien parkea musikaz beteko da udara honetan azken aldiz. Ianire Aranzaberen ESANEZIN proiektu musikala iritsiko da Astigarragara, 'Erretratu bat' diskoko abestiak eskaintzera. Pop doinuak landu ditu taldeak gehienbat, baina erreferentzia musikal berriak ez ditu alboratzen.