Mariezkurrenak Realarekin jokatu du lehenengo lagunartekoa

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 26a, 00:00

Arkaitz Mariezkurrena, Alavesen aurka, Realarekin.

Astigartarrak pasa den igandean egin zuen debuta Alavesen aurka eta Japoniara bidaiatu du lehenengo taldearekin.

Arkaitz Mariezkurrena (Astigarraga, 2005) astigartarra Realeko talde nagusiarekin ari da burutzen aurredenboraldia. Pasa den igandean, Alavesen aurka, lehen lagunartekoa jokatu eta gero, Japoniara bidaiatu du lehenengo taldearekin. Realak Gamba Osakaren aurka jokatu zuen atzo eta txuriurdinek 0-1 irabazi zuten. Hala ere, atzo Mariezkurrenak ez zuen minuturik jokatu.  

Lagunarteko hauek, espero bezala, bigarren taldeko jokalarientzako aukera izaten dira. Imanolek, ez zuen zalantzarik izan gazteenei minutuak emateko. Horien artean, Arkaitz Mariezkurrena, hasieratik aritu zen Alavesen aurka. 

 

Dani Rodriguez Europako 19 urtez azpikoetan finalera

Alorrenea sagardotegiko semea, Mundarroko harrobiko jokalaria da, baina ez da astigartar bakarra mailarik gorenean ari dena. Dani Rodriguez astigartarra Europako Txapelketa ari da jokatzen, Espainiako selekzioarekin 19 urtez azpikoetan, Ipar Irlandan. Gainera, Barcelonaren bigarren taldeko izarra da. Aurten lehenengo taldearekin debutatu dezake. Atzo Eurokopako finalerdiak jokatu zituen Italiaren aurka eta 0-1 irabazi ondoren etziko finalera pasa da Espainiako selekzioa.

Bestetik, ekainaren amaieran talde katalanak eta Dani Rodriguezek erabateko akordioa lortu zuten erasotzailearen kontratua berritzeko, Espainiako zein atzerriko kluben eskaintza tentagarriak izan arren.

Elkarrizketak luzeak izan ziren eta ez ziren batere errazak izan, baina, azkenean, bi aldeak pozik geratu dira.
Astigartar gazteari kontratua ekainaren 30ean amaitzen zitzaion, eta Tottenham, Athletic edo Reala bezalako talde garrantzitsuen proposamen garrantzitsuak zituen. Hilabete batzuetako ziurgabetasunaren ondoren, Barçak jokalariaren argi berdea lortu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!