Astigarragako Eragiyok abesbatzako kideak gaur Torreviejara abiatuko dira, bihar eta etzi 70. Nazioarteko Habanera eta Polifonia Sariketan lehiatuko baitira Europa, Asia eta Ameriketako hainbat herrialdetatik etorritako beste hamahiru abesbatzarekin.
1955etik egiten den sariketa hau Espainian jokatzen direnen artean osperik haundiena duenetako bat da, eta habanera generoaren barruan lehena eta garrantzitsuena da. Urtez urte nazioarteko taldeak biltzen ditu eta bere palmaresa ikusi besterik ez dago hitzorduaren garrantziaz jabetzeko.
70. urteurreneko ekitaldia
Aurtengoa oso ekitaldi berezia izango da, eta antolatzaileek arreta haundia jarri dute 70. urteurrenarekin bat egin du eta. Hautagaitza aurkeztu zuten abesbatzen artean, 16 izan ziren aukeratuak, Eragiyok barne, eta azkenean 14 talde izango dira parte hartuko dutenak, azken orduko bi baja izan eta gero. Guztira 800 kantari baino gehiago elkartuko dira Torreviejako Udal Antzokian, 650 lagunentzako tokia duen aretoan.
Eragiyoken txanda lehiaketaren azken egunean iritsiko da bihar. Egun bat geroago, etzi, itxiera gala izango da nazioarteko epaimahaiak erabakitako palmaresaren irakurketarekin eta sari banaketarekin eta abesbatza guztien baterako azken emanaldiarekin.
Jaialdiak zuzeneko emankizuna izango du streaming bidez eta jardunaldi guztiak era honetan emitituko dira. Horretaz gain, tokiko telebistak ere zuzenean emango ditu kontzertu guztiak eta hiriko hondartzako pasealekuan pantaila handia jarriko da antzokian sartzen ez direnak jaialdia jarraitu ahal izateko.
Valentziako telebista autonomikoak azken gala zuzenean emango du, eta RTVEk jaialdiaren laburpeneko saioa eskainiko du sariketaren ondoren.