Aurten ere Udalak akordioa itxi eta hitzarmena sinatu du AFADErekin, Santio jaietako barrakak direla eta

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 24a, 08:59

Hitzarmenari esker prezioak mugatu dira eta ordu lasaia ezarri da.

Gaur hasiko dira Santio jaiak eta jai egitarauan jasotzen diren haur eta nerabeentzako jarduerez gain, urtero bezala, gaurtik uztailaren 28ra barrakak martxan egongo dira. Donostia ibilbidean kokatuko dira, bi biribilguneen artean (hezegunetik Nabarra Oñatzeko 9. zenbakiraino).
Jaien aurreko asteetan Udala AFADErekin (Euskadiko Ferietako Langile Autonomoen Elkartea) hitzarmenean jasotako baldintzak adosten eta negoziatzen aritu da. Bide publikoa okupatzeagatik ordenantza fiskaletan jasotzen den tasa ordaintzetik salbuetsiko dira ferialariak, Udalak eskatzen dituen hainbat baldintza betez:


Atrakzioen prezioak mugatzea
Gaur, atrakzio guztien gehieneko prezioa, 1,20 eurokoa izango da fitxa bakoitzeko. Gainerako egunetarako (25, 26, 27 eta 28), honako prezio hauek adostu dira:

- Aparatu txikien fitxa gehienez 2,20 euro eta 8 fitxako bonua 12 euro.
- Aparatu handien fitxa gehienez 2,50 euro eta 8 fitxako bonua 13 euro (pendulua izan ezik, 8 fitxako
bonoa 16 euro).
- Txurroak: dozena bat, gehienez 5 euro.


Ordu lasaia
Aurten, lehen aldiz, beste neurri bat adostu da ferialariekin, ordu lasaia. Izan ere, inklusioa bultzatzeko eta ahalik eta haur eta nerabe gehienek barrakez gozatzeko aukera izan dezaten, gaur eta uztailaren 26an, 17:00etatik 18:00etara, ez da musikarik jarriko barraketan, eta ez da argirik piztuko. Honekin, argi eta soinuarekiko hipersentikortasuna duten pertsonek ere barrakez gozatzeko aukera izango dute.


Hauek dira jaietan jarriko diren aparatuak:
• Pista txikia
• Lapiko txikia
• Erratza
• Baby
• Ohe elastikoak
• Puchinga
• Ahate-arrantza
• Pendulua
• Herensugea
• Ostikada-makina
• Zezena
• Auto pista
• Tiroa
• Txurro denda

Euskera
Horrekin batera, eta urtero bezala, euskararen erabilerari buruzko neurriak ere adostu dira, hala nola, herritarrekin ahozko harremanak euskeraz egiten saiatzea eta barraketan, aparatu guztietan, jartzen den musika % 100ean euskaraz izatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!