Jaien ekuatorean izango da aurtengo Santa Ana Eguna

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 24a, 00:00

Idi demak, Santa Ana egunean, tradizio izaten dira aspaldiko garaietatik.

Jaien ekuatorean izango da aurtengo Santa Ana Eguna

Aurretik bi egun eta ondoren beste bi; ondo babestuta iritsiko da aurtengo Santa Ana Eguna Astigarragara. Jaien ekuatorean ospatuko dute egun berezia, eta urteroko legez, egitarau ederra prestatu dute Goldea Elkarteak, Zipotza Elkarteak eta Sagardoetxeak. 

Goizean goiz hasiko dira Santa Ana Eguneko jarduerak. 09:30etan lo dauden bizilagunak kolpe bakarrean esnatuko dira ziur, Zubietako Joaldunak kalejiran ibiliko baitiria herriko txokoetan. Ederra izaten da ikuskizuna, eta giro ederra sortu ohi dute joaldunek, ttuntturroak buruan eta joareak gerri bueltan dituztela.

Joaldunek ibilbidea bukatzen denean trikitilariek hartuko dute lekukoa. Laja arituko da trikitixarekin, eta Alabier panderojolea izango du laguntzaile. Hauek ere kalejira txiki bat egingo dute, doinu herrikoi eta ezagunak tartekatuta.  

 

Foru plaza izango da festaren erdigunea

Eguerdira gerturatu ahala Foru plazan egonkortuko da festa giroa. Izan ere, 11:30etatik aurrera baserrigintzako artisauak postua jarriko dute bertan, eta sagardo dastaketa ere egingo dute ordu berean. Astigarragako eta inguruko ekoizleen produktuak zuzenean eskuratzeko aukera paregabea izango da. 

Santa Ana Eguneko jarduera nagusietako bat 12:00etan hasiko da: idi dema. Pagadizabalen, Soarteren eta Lopategiren idiak plazaratuko dira etzi, eta 2.000 kiloko harriarekin osatu beharko dituzte eguneko lanak. 

Bien bitartean, ikusten duten guztia memorian gordetzen arituko dira Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolariak. Egunean zehar saiotxoak egiten arituko dira biak, Foru plazara inguratzen diren astigartarren gozamenerako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!