Aspaldiko partez, profesionalen pelota jaialdia izango da Txomiñenen

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 24a, 00:00

Ekain Lizeaga astigartarrak herriko jaietan jokatzeko aukera izango du.

Ostiral iluntzean jokatuko dituzte bi partiduak. Horietako bat Caixabank Master torneokoa izango da. 

 

Hasiera batean aurreikusitako gidoian ez bazegoen ere, esku pelota jaialdi profesionala antolatu dute aurtengo Santiotan. Santa Ana Egunean jokatuko dira bi partiduak, 21:15etan hasita, eta horietako bat Caixabank Masters Txapelketakoa izango da. «Gidoitik kanpoko jarduera izango da. Ekain Lizeagaren debuta halamoduzkoa izan zen, Zornotzan, eta Baiko enpresatik helarazi ziguten bazutela gurekin zor hori», azaldu zuten Mundarroko kideek. 

Lehenengo partidua Zubizarreta III eta Ekain Lizeaga astigartarrak Alberdi II.aren eta Morgaetxabarriaren aurka jokatuko dute. Antolatzaileentzat polita da herriko pelotari batek festetan jokatzeko aukera izatea: «Ederra da Ekainek herrian jokatu ahal izatea. Jaialdiak ikusgarritasuna emango dio bertako pelotari, eta espero dugu gazteek eta umeek eredutzat hartzea pelotari hauek». 

Bigarren partiduan, Caixabank Mastersekoan, punta puntako partidua ikusteko aukera izango da Txomiñenen: Jaka-Martija / Artola-Rezusta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!