«Lehengo urteko giroa izugarria izan zen, eta aurtengoan ere sekulakoa egitea da gure asmoa»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 24a, 00:00

Gauerdian hasiko da 3tturen kontzertua, Gazte Asanbladaren txosnan.

Astigarragako 3ttu Erromeria taldea arduratuko da Santiotako lehenengo gaua girotzeaz (00:00). Xabat Ruiz taldekidea gogoz dago iaz sortutako giroa errepikatzeko, eta 3tturen ibilbideari buruz hitz egin du Kronikarekin.

Jendea frexko eta motibatuta topatuko duzue festetako lehenengo egunean. 

Ba bai, eta hori guk asko eskertuko dugu. Lehenengo eguna izanik, jendea gogotsu egongo da, gu ere bai, eta sekulakoa egitea da asmoa. 

Astigarragan aritzea berezia izango da 3tturentzat, ezta?

Berezia da, bai. Bigarren urtea da jarraian. Lehengo urteko kontzertua sekulakoa izan zen, gure lehenengo kontzertua zen, eta oso ondo atera zen dena. Ez genuen espero halako giroa sortzeko gai izango ginenik, eta orain badakigu zer egiteko gai garen. Kontzertu txukun bat prestatu dugu gaur gauerako. 

Nolako kontzertuak dira zuenak? 

Herriaren edo plaza motaren arabera egokitzen ditugu kontzertuak. Ez da gauza bera arratsaldez edo gauez aritzea, adibidez. Aurreikusten dugu ea zenbat jende etorriko den eta zein den euren estiloa, herri batzuetan gehiago dantzatzeko joera dago, beste batzuetan bestelako kantuek hobeto funtzionatzen dute... Normalean saiatzen gara denen gustuko kantutegia sortzen, ezagunak diren eta gustatzen zaizkigun betiko abestiekin. 

Lan haundia eskatzen du horrelako talde batek?

Bai, lan asko dago kontzertu bakoitzaren atzean. Ematen du ezetz, baina ordu asko dira, batez ere buruari bueltak ematen. Denbora asko kentzen digu ideia berritzaileak pentsatzeak, kantutegia osatzeak, abesti bakoitzean musikalki zerbait berezia egiteak, arreglo ezberdinak sartzeak... Guztia gehitzen hasita, ordu asko dira. Entseguez gain, kontzertua daukagun egunetan ere lan haundia izaten da; materiala kargatu eta deskargatu, bidaiak, montajea, proba... Dena den, momentuz, merezi du. Oso gustura gaude egiten ari garen guztiarekin.  

Nondik etorri zen 3ttu sortzeko ideia?

Astigarragako Musika Eskolan aritutakoak gara taldekide gehienak. Bertan bazegoen trikitilari talde bat, eta irakasle batek proposatu zigun festetarako zerbait egitea. Taldetxo bat elkartzen hasi ginen eta hasieratik ikusi genuen zerbait txukuna egiteko aukera genuela. Pixkanaka kontzertuak ateratzen joan dira, eta ia konturatu gabe egin dugu urtebeteko ibilbidea.  

Astigartarrak zarete gehienak. Musikari asko dago herrian…

Azken urteetan mugimendu haundia nabaritu dugu, proiektu asko daude herrian eta hori oso ona da. Kulturaren arloan mugimendua eta aniztasuna egotea ederra da. 3ttutik animatzen ditugu musikari guztiak kantuak eta taldeak sortzera, eta instrumenturik ez dakiten horiei esaten diegu ikasteko sekula ez dela berandu. 

Zer moduz joan da urtebeteko ibilbidea?

Nahiko ondo. Iazko martxoan hasi ginen elkartzen, eta ordutik 15 kontzertu inguru eskaini ditugu. Gertuko herriez gain, pixka bat urrutiago daudenetara ere iritsi gara, eta gustura aritu gara guztietan. Urtebetean lortu dugun emaitzarekin oso pozik gaude. 

Udaran ze martxa daramazue? Zer geratzen zaizue egiteko?

Uztailean bi kontzertu dauzkagu, Astigarragan (gaur) eta Amaran (30ean). Abuztuan Zizurkilen, Santiagomendin eta Bidankozen arituko gara, eta irailean Zikuñagan. Aurtengo denboraldia urriaren 19an amaituko dugu, Zarautzen. 

Zeintzuk dira taldearen helburuak? Urte luzez jarraitzeko asmotan zaudete? 

Egunez egun goaz. Taldekide gehienok gaude beste zenbait proiektutan sartuta, eta horregatik ezin dugu oso urrutira begiratu. Aurten 20 kontzerturekin amaituko dugu denboraldia, eta datozen urteetan pixkanaka haunditzen joatea da asmoa. Pausoz pauso.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!