Kiroldegia, DBHko eraikina eta anbulategi berria hizpide, plenoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 19a, 00:00

Astigarragako pleno bateko artxiboko irudia.

Proiektu garrantzitsuei lotutako gaiak onartu zituzten Santioengatik aurreratutako uztaileko plenoan.

 

Astearte arratsaldean egin zuten uztaileko Osoko Bilkura Astigarragako Udal ordezkariek. Herriarentzat garrantzitsuak diren zenbait gai jarri zituzten bozkagai, eta proposamen guztiak atera ziren aurrera. 

Kiroldegia berritzeko proiektuan eman zituzten plenoko lehenengo urratsak. Obren exekuzio proiektua eta obrak egiteko mailegua eskatzea onartu zuten, eta aurreikuspena da obrak 2025eko uztailean hastea, 8.204.941 euroko aurrekontuarekin: «Espazio berriak eraikiko dira, hala nola padel pistak, boulderra, rokodromoa, kantxa berria eta hainbat areto. Beste batzuk berritu eta hobetu egingo dira, hala nola aldagelak, ikastaro gelak edo fitness aretoa», azaldu zuten. 

DBHko eraikinari dagokionez, Mendiaundi Anibarren eraikina egiteko plan berezia behin betiko onartu zuten plenoan. Kasu honetan, Hezkuntza Sailak oinarrizko proiektua amaitzean emango ditu hurrengo pausoak Astigarragako Udalak. Aurreikuspenen arabera, obrak esleitzeko lehiaketa 2025eko urtarrilean jarriko du martxan Hezkuntza Sailak, obrak urte bereko udazkenean hasteko. 

Azkenik, anbulategi berriari buruzko bozketan Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketa puntual bat egitea onartu zuen plenoak, Bidebitarteko eremuan osasun ekipamendu bat eraiki ahal izateko. 

Etxez etxeko zerbitzuak kontratatzeko lehiaketa, martxan

Astearteko plenoan zenbait lehiaketa martxan jarri zituzten Udal ordezkariek. Etxez etxeko laguntza zerbitzua eta etxebizitza tutelatuetako zerbitzua kontratatzeko lehiaketak dira horietako bi, eta Udaletik jakinarazi dute «ahalegin ekonomiko haundia» egin dutela kontratuetan: «Sektore feminizatuak dira eta baldintza eskasak dituzte. Horregatik, Udalak ahalegin berezia egin du langile horien baldintzak hobetzeko, eta aurrekontua %20 igo du». 

Palestinaren aldeko mozioa, onartuta 

Plenoa amaitzeko, Martin Jose Ugartemendia Goikoetxea herritarrak aurkeztutako Palestinaren aldeko mozioa onartu zuten aho batez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!