Iazko edizioak izandako arrakasta ikusita, bueltan da Santio Jaietako esku pelota txapelketa. Aurreko astean aurkeztu zituzten aurtengo kartelak Ikatza tabernako terrazan, eta berritasun ugari prestatu dituzte, pala txapelketa eta profesionalen jaialdia barne.
Afizionatuen mailako esku pelota txapelketaren bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta partidu erakargarriak ikusteko aukera izango da Txomiñene pelotalekuan. Igande honetan bertan, hilaren 21ean, finalaurreko partiduak jokatuko dituzte. Alde batetik, Eñaut Lizeaga eta Apeztegia Beñat Apezetxearen eta Antton Apezetxearen aurka arituko dira; bestetik, Etxeberriak eta Olidenek Egigurenen eta Garmendiaren aurka jokatuko dute.
Partidu horiek irabazten dituzten bikoteek uztailaren 25ean jokatuko den finaleko txartela lortuko dute.
Pala txapelketa, estreinakoz
Eskuzko txapelketaz gain, Mundarroko palistek erakutsitako maila ona dela eta, pala txapelketa antolatzea erabaki dute aurten. Lau bikote nor baino nor ari dira uztaila hasi zenetik, eta ligaxkako emaitzen arabera sailkatuko dira ostiral honetako finalera.
Ondorengo bikoteekin osatu dute pala txapelketa: Urdangarin-Zubiarrain, Agirre-Salaberria, Txoperena-Bereau eta Ramos-Luluaga. Antolatzaileek balio haundia eman diote kartelari; izan ere, zortzi palistetatik bostek dute fitxa Mundarron, eta gainontzeko hiruetatik bi astigartarrak dira.
Profesionalen jaialdia, Santa Ana Egunean
Hasiera batean aurreikusitako gidoian ez bazegoen ere, esku pelota jaialdi profesionala antolatu dute aurtengo Santiotan. Santa Ana Egunean jokatuko dira bi partiduak, 21:15etan hasita, eta horietako bat Caixabank Masters Txapelketakoa izango da. «Gidoitik kanpoko jarduera izango da. Ekain Lizeagaren debuta halamoduzkoa izan zen, Zornotzan, eta Baiko enpresatik helarazi ziguten bazutela gurekin zor hori», azaldu zuten Mundarroko kideek.
Lehenengo partidua Zubizarreta III eta Ekain Lizeaga astigartarrak Alberdi II.aren eta Morgaetxabarriaren aurka jokatuko dute. Antolatzaileentzat polita da herriko pelotari batek festetan jokatzeko aukera izatea: «Ederra da Ekainek herrian jokatu ahal izatea. Jaialdiak ikusgarritasuna emango dio bertako pelotari, eta espero dugu gazteek eta umeek eredutzat hartzea pelotari hauek».
Bigarren partiduan, Caixabank Mastersekoan, punta puntako partidua ikusteko aukera izango da Txomiñenen: Jaka-Martija / Artola-Rezusta.