Santioak «guztion gozamenerako jaiak» izan daitezen aldarrikatu dute Astigarragako Udalak eta herriko hainbat eragilek (Emakumeon Etxea, Gaztelekua, Gazte Asanblada, Xaguxar eta Matazak); eta adierazi dute ez dituztela onartuko «inguruan edo lagunartean sumatzen ditugun jarrera matxistak eta gorroto arrazista, xenofobo, LGTBIfobiko eta antigitanoak».
Hori horrela, hainbat ekimen antolatu dituzte jaietarako, indarkeriaren prebentzio, arreta eta koordinaziorako.
Batetik, Arreta Puntua jarriko dute, eraso matxisten aurrean esku hartzeko, uztailaren 24tik 27ra. Bertara jo dezake edonork, erasoren bat jaso edo ikusiz gero. 18:00etatik 22:00etara Kale Nagusiko 36an jarriko dute karpa morea; eta 22:00etatik 04:00etara arreta jaso ahal izango da Kultur Etxe Zaharrean, edo telefonoz 638 206 586 zenbakian. Telefono hori gordetzeko gonbitea luzatu diete herritarrei. Arreta Puntuaren ordutegitik kanpo, deitu daiteke Udaltzaingora (699 487 585), Larrialdietara (112) edo tratu txarren zein sexu erasoen biktimen laguntza zerbitzura (900 840 111).
Bestetik, 'Nik sinesten dizut' txapak ari dira banatzen egunotan, doan, Emakumeon Etxean: astelehen, astearte eta ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara; eta asteazken eta ostegunetan, 16:00etatik 19:00etara. Jaietan, karpa morean izango dira eskuragarri. Txapa hartzean, herritarrek baieztatuko dute indarkeriari aurre egiteko baliabideen berri badutela, eta erasoa jaso duena horietara bideratu dezaketela. Txapa eskuratu eta janzteko gonbitea luzatu diete herritarrei, «elkar zaintzeko», txapa soinean izanez gero biktimak errazago identifikatu dezakeelako lagundu diezaiokeen pertsona.
Aurtengo Santiotako beste berritasun garrantzitsu bat izango da indarkeria kasuen koordinazio mahaia. Aurrenekoz eratu dute, eraso baten aurrean ahalik eta koordinazio azkarrena eta eraginkorrena izateko jaien antolaketan parte hartzen duten eragileek eta Udalak. Horretan hartuko dute parte Alkatetzak, Berdintasun Sailak, Udaltzaingoak, Gizarte Zerbitzuak, Kultura eta Jaiak Sailak, Jai Batzordeak, Gazte Asanbladak, Emakumeon Etxeak eta arreta eskainiko duen Emagin elkarteko ordezkariak. Erasoren bat izanez gero, elkarrekin adostuko dituzte erantzun publikoa eta jaien egitarauari buruz hartu beharreko neurriak.
Azkenik, adin txikikoen artean substantzien prebentzioa egiteko, lau hezitzaile ibiliko dira kalean, uztailaren 26an, 18:00etatik 22:00etara. Gainera, testing zerbitzua izango da edonorentzat, legez kanpoko substantzien analisi eta informazio zerbitzua: hilaren 27an, 23:00etatik 02:00etara, Tomas Alba kalean.