«Santiotako ekintza gehienak eragileek antolatu dituzte; horregatik dira hain jai herrikoiak eta giro onekoak»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 12a, 00:00

Jaien antolaketan parte hartu duten elkarte eta taldeen ordezkariak, Santiotako kartelarekin eta elementu bereizgarriekin.

Santio Jaietako egitaraua aurkeztu dute Astigarragako Udalak eta Jai Batzordeak, eta nabarmendu dute herriko elkarte eta talde askok hartu dutela parte antolaketan. Gaztelekuak botako du txupinazoa, uztailaren 24an.

EGITARAUA - Santio Jaiak 2024

12 egun barru hasiko dira Astigarragako Santio Jaiak, uztailaren 24an; baina motorrak bero-bero daude herrian, dagoeneko. Eta festa gogoa elikatzen jarraitzeko, atzo aurkeztu zuten aurtengo jaietako egitaraua, Astigarragako Udalak eta Jai Batzordeak. Bost eguneko festetan, adin eta gustu guztietarako ekintzak izango dira, hilaren 28ra arte.

Bereziki nabarmendu dute, herriko elkarte eta talde askok hartu dutela parte, beste behin, jaien antolaketan: «Ekintza gehienak dira haiek antolatutakoak, eta horregatik dira Santioak hain jai herrikoiak eta giro onekoak», goraipatu zuen Xabier Urdangarin alkateak: «Eskerrak eman nahi dizkiegu, egin duten lan eta esfortzuagatik».

Adin tarte batean, haur eta nerabeei dagokienean, arreta berezia jarri dute aurten, iaz herritarrek egindako ekarpenak aintzat hartuta: «Haientzako ekintza gehiago antolatu ditugu, eta leku ezberdinetan banatu», azaldu zuen Naroa Del Orden Jaietako zinegotziak.

Eta haur eta nerabeen protagonismoa haunditzeko bide hori, txupinazotik bertatik hasiko dute: Gaztelekuak emango die hasiera jaiei, arratsaldeko txupinazo nagusia botata, sortu zela 25 urte bete den honetan. «Horrela, nabarmendu eta eskertu nahi izan dugu, urte hauetan guztietan egin duten lana eta ibilbidea».

Txupinazoa botatzeaz gainera, ekintza bereziak ere izango dituzte gaztetxoek aurten: herriko erraldoi eta buruhaundiak ez ezik, Iruñeko Buztintxuri Konpartsakoak izango dira herrian, jaien azkeneko egunean; haurrentzako eta nerabeentzako bazkariak antolatu dituzte; kale ikuskizunak izango dira; adinaren arabera sailkatutako jolasak prestatu dituzte; eta uretako puzgarriak eta apar festa izango dira, besteak beste.

Bazkari horiez gain, bestelakoak ere antolatu dituzte, adin guztietarako: gazteen bazkaria, marmitako lehiaketa eta bazkaria, presoen aldeko bazkari solidarioa eta jubilatuen bazkaria.

Musikaz eta dantzaz blai, herriko kaleak eta plazak

Makina bat izango dira, aurtengo Santiotan ere, musika eta kultur emanaldiak, herriko txoko askotan. Musikari dagokionez, eskaintza zabala izango da, Emakumeon Plazan, Joseba Barandiaranen, Kontxa Etxeberria plazan eta Gazte Asanbladaren karpan: Kilimak, Albina Stardust eta Divina Comedia DJ, Kresala, Duo Imperial, Zilibito Records, The Clams, Puro Relajo, Bengo, Itzal, Cuatro Bancos, 3ttu Erromeria, Astelehen Goizak, Kaparrak...

Dantza saio inprobisatuak eragingo dituzte horiek guztiek, maila onekoak zein erdipurdikoak; baina bereziki prestatutako dantza emanaldiak ere izango dira Santiotan: Astigar taldearen urteroko saioa, Kresala dantza taldearen emanaldia, udalbatzaren soka dantza, eta larrain dantza herrikoia, besteak beste.

Aurtengo Santiotako beste nobedade bat izango da esku pelota jaialdi profesionala, aurrenekoz antolatu dutena Mundarrok eta Baiko enpresak, Udalaren laguntzarekin. Santa Ana egunean izango da, 21:15etan Txomiñenen, eta partiduetako batean ariko da Ekain Lizeaga astigartarra. Beste partidua, berriz, Masters Txapelketakoa izango da: Jaka eta Martija, Artolaren eta Rezustaren kontra.

Berrikuntzak, indarkeriaren prebentzio, arreta eta koordinaziorako ekimenetan

Astigarraga «herri segurua» izateko deia ere luzatu zuten Santioen aurkezpenean, «urte osoan zehar eta baita jaietan ere, bereziki emakumeentzat». Bide horretan, aurreko urteetan bezala, indarkeriaren prebentzio, arreta eta koordinaziorako ekimenak antolatu dituzte aurten ere, zenbait berrikuntzarekin. Horietako bat da, erasoen aurreko arreta izango dela lehenengo aldiz, telefonoz zein aurrez aurre. Gainera, indarkeria kasuak koordinatzeko mahai bat ere eratu dute, «eraso baten aurrean ahalik eta eraginkorrena eta azkarrena izan dadin jaien antolaketan inplikatutako eragileen eta Udalaren arteko koordinazioa». Datozen egunetan emango ditu Kronikak, indarkeriaren aurkako protokoloaren eta antolatutako ekimen horien inguruko xehetasunak.

Egitarau osoa eskuragarri, 'kronika.eus' webgunean

Santio Jaietako egitaraua aurkeztuta, gaur bertan banatuko dute etxez etxe, buzoietan; baina programa osoa ikusgai dago hemen.

Egitarauaren aurreneko ekintzak, jaiak hasi aurretik izango dira, motorrak berotzeko. Uztailaren 19tik 23ra bitarte, jarduera ugari antolatu dituzte, bereziki kirolarekin lotutakoak. Azpiko koadroan daude ikusgai.

 

ASTIGARRAGAKO SANTIO JAIAK

AURREKO EKINTZAK

UZTAILAK 19, ostirala

18:30, Zumba kalean, Kontxa Etxeberria plazan. 16 urtetik gorakoentzat.

19:00, Santio Jaietako Pala Txapelketaren finalak, Txomi­ñenen. Mundarrok antolatuta.

UZTAILAK 21, igandea

11:00, Haurrentzako herri kirolak, Kontxa Etxeberria plazan. 3 eta 11 urte bitartekoentzat.

17:00, Santio Jaietako Esku Pelota Txapelketaren semifinalak: Eñaut Lizeaga-Apeztegia/Beñat Apezetxea-Antton Apezetxea; eta O.Etxeberria-Oliden/Egiguren-Garmendia. Mundarrok antolatuta.

UZTAILAK 22, astelehena

11:00, Orientazio jarduerak, Andre Gobadarien ibai parkean (euria eginez gero, Kontxa Etxeberria plazan). 11 eta 17 urte bitartekoentzat.

UZTAILAK 23, asteartea

17:00, Haurrentzako kale futbola, kiroldegian. 5 eta 11 urte bitartekoentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!