Urrira arte, euskera ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 8a, 00:00

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egin ahal izango dira eskaerak. 

Euskera ikasteko dirulaguntza hauen helburua da HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) 2023-2024 ikasturtean, edota 2024ko udan euskaltegi homologatu batean euskara ikasi edo hobetu duten astigartarrei ematea. 

Herritarrek %75eko dirulaguntza jasoko dute, baina Udalak ondorengoa aitortu du: «kasu batzuetan, eta baldintza batzuk betez gero, matrikularen %100 jaso ahal izango da. Halaber, 2024-2025 ikasturteko matrikularen %100 aurreratzeko eska daiteke, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira». 

Hala ere, kasu guztietan, dirulaguntza eskatu nahi dutenek, ohiko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte: euskera normalizatua (E011); NANaren kopia; euskaltegiaren ziurtagiria; eta matrikula ordaindu izanaren ziurtagiria.

Astigarragako Udalak zehaztu du, ikasleek %100eko dirulaguntza jaso ahal izateko, ohiko dokumentazioaz gain, ondorengo agiriak aurkeztu beharko direla: «Oinarrizko errenta edo udalaren larrialdi laguntza jasotzea, edota deialdiko 6.oinarriak tarte bakoitzerako zehazturiko errentatik beherako diru-sarrera dituztenek. Kasu horretan, 2023ko ekitaldiko errenta-aitorpena edo gutxieneko diru-sarrera bermatzeko errenta jaso izanaren agiria aurkeztu beharko dute; Langabetu, jubilatu, erretiratu, pentsiodun edo ikasle (unibertsitatea edo lanbide heziketa) direnek. Langabeziaren ziurtagiria, matrikularen ordainagiria (ikasleak) edo erretiro edo pentsio ziurtagiria aurkeztu behar dituzte; Desgaitasun aitortua dutenek, 0-12 urte bitarteko haurren guraso edo legezko tutoreak edo familia ugariko kide direnek. Kasu horretan, desgaitasun-ziurtagiria, familia-liburua (12 urte arteko haurren gurasoak) edo familia ugariaren txartela aurkeztu beharko dituzte; Herrian merkatari edo ostalari gisa lan egiten dutenak. Merkatari edo ostalaritza gisa lan egiten duela egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute; A0 edo A1 mailako ikaslea izatea edo azken hiru urteetan 3 ikasturte gaindituta izatea. Kasu honetan, euskaltegiko mailaren ziurtagiria edo azken 3 urteetan gainditutako mailen ziurtagiriak
aurkeztu behar dira».

Aldiz, 2024 eta 2025 ikasturterako dirulaguntza aurreratzeko eskatu nahi dutenek, 2024 eta 2025 ikasturteko matrikulazio ziurtagiria aurkeztu beharko dutela azaldu du Astigarragako Udalak. 

Interesdunek laguntzak epea irekitzen denetik (GAOn argitaratu ondoren) urriaren 18ra arte eskatu ahal izango dute. Amaitzeko Udalak honakoa gaineratu du: «eskaerak modu telematikoan egiteko gonbitea egiten dugu (https://uzt.gipuzkoa.eus/WAS/AYTO/USCServicioCiudadanoVer15WEB/home.do?ayto=84), baina Udalaren erregistroan ere egin ahal izango dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!