«Aurretik lasaiago egoten eta lasterketak kudeatzen ikasi dut aurtengo denboraldian»

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 6a, 00:00

Eneko Olveira astigartarra, Kronikarako elkarrizketan.

Denboraldi bikaina osatzen ari da Eneko Olveira OTXE taldeko txirrindulari astigartarra. BTT-ko Espainiako Kopa irabazi berri du junior mailan, eta maiatzean Euskadiko Txapelketa irabazi zuen. Espainiako Txapelketaren atarian, denboraldiaren errepasoa egin du Kronikarekin.

Espainiako Kopa irabazi berri duzu. Pozik?

Oso pozik nago. Denboraldi osoa nahiko ondo joan da, karrera guztiak ondo joan dira, eta hauxe zen helburu nagusietako bat. Zaila zen, baina azkenean lortu egin dugu.

Zer egin behar izan duzu garaipena lortzeko?

Aurten bost lasterketa sartu dira Espainiako Kopan, eta puntuazioaren arabera doa sailkapena. Azkeneko lasterketan puntu gehiena dituena da garailea, eta horrela lortu dut. Lasterketa bat irabaztea lortu nuen, eta gainontzekoetan lehenengo bosten artean sailkatu naiz. 

Junior kategorian aritu zara aurten. Maila altua dago?

Bai, Espainia mailan oso nibel altua dago. Gainera, Espainiako Kopako lasterketa guztiak nazioarteko mailakoak dira, eta horrek esan nahi du puntu internazionalak lortzeko aukera dagoela. Horiek eskuratuta beste lasterketa batzuetara joan zaitezke, eta irteeran postu onak bermatzeko balio dute. Adibidez, orain Espainiako Txapelketako irteerarako balio dute puntu horiek. Oso garrantzitsua da hori, eta maila areagotzen du. 

Denboraldi hasieran espero zenuen Espainiako Kopa irabaztea? Helburu bat zen? 

Taldeak erabaki zuen Espainiako Kopako lasterketa guztietan ateratzea, eta bagenekien oso zaila izango zela irabaztea. Hala ere, denbora pasa ahala ikusi genuen aurrean geundela. Lehenengo lasterketan bigarren postuan geratu nintzen, eta hortik aurrera joan gara helburuak finkatzen. 

Gertuago ikusi duzun heinean presiorik sentitu duzu? 

Presio puntu bat beti izaten da. Baina beno, nahiko lasai egon naiz. Bigarren karreratik aurrera liderraren maillotarekin aritu naiz lehiatzen, eta bukatu arte mantentzea lortu dut. 

Helburua lortzeko zein izan da egin beharreko lana? 

Denboraldi hasieran ziklokrosean aritu nintzen, eta Euskadiko Kopa irabaztea lortu nuen. Atsedenaldi txiki baten ondoren hasi nintzen Espainiako Kopako lasterketekin, eta horiek beste karrera eta txapelketa batzuekin tartekatu ditugu. Orain Espainiako Txapelketa da hurrengo helburua. 

Eta? Hortzak zorroztuta?

Beno... Zazpi edo zortzi aurkari oso on izango ditut bertan, baina ea lan txukuna egiteko aukera dudan. Hurrengo igandean izango da lasterketa, Huelvan. 
 

Helbururik jarri diozu zeure buruari? 

Helburu zehatzik ez. Badakit zaila dela, baina polita izango litzateke podiumean sartzea. Hala ere, bost onenen artean sailkatzea ere oso ondo egongo litzateke. 

Gainontzean, nola jarraituko du zure denboraldiak?

Espainiako Txapelketaren ondoren atsedenaldi txiki bat egingo dut. Gero errepideko lasterketak egiten hasiko gara, eta Huelvan lortutako emaitzaren arabera mundialean aritzeko aukera izan dezaket. Hori ere oso zaila da, baina aukera hor dago. Lortutako puntu internazionalen arabera doa sailkapen hori. 
 

Zein modalitatetan zabiltza erosoen?

Ni mendian nabil erosoen, baina errepidean ere gustura aritzen naiz. Momentuz, mendian dauzkat helburu gehienak eta bertan ikusten naiz ondoen. Hala ere, errepideko lasterketak egiteko aukera izatea ere gustatzen zait. 

Juniorretan aritu zara orain arte, datorren urtean 23 urtez azpiko mailara pasako zara. Gogotsu? 

Maila asko igotzen da kategoria batetik bestera. Juniorretan 4-5 itzuli egiten ditugu, eta 23 urtez azpikoetan 2 itzuli gehiago izaten dira. Lasterketak dexente luzatzen dira, baina gogotsu nago hori probatzeko. Aurkariak ere oso onak izango dira eta gogoa daukat eurekin indarrak neurtzeko. 

Zure ezaugarriengatik nahiago duzu lasterketak luzatzea?

Bai, nik uste dut hobeto datorkidala lasterketa luzeagoak izatea. Egia da oraindik ez naizela maila horretan lehiatu, baina probaren bat egin izan dugu, eta uste dut ondo moldatu naitekeela. 

Zein da zure ametsa? 

Helburu nagusia profesionala izatea da. Badakit oso oso zaila dela, baina horixe da lehenengo ametsa. Bestela, nazioartean ondo ibili nahi nuke, lehiatzeko aukerekin. Orokorrean, bizikletaz gozatzen jarraitzea da nire asmoa. Proba konkretu bat aipatzeagatik, Munduko Kopa daukat begiz jota. Zazpi lasterketa inguru dira, munduko onenak aritzen dira bertan, eta hor egotea sekulakoa izango litzateke niretzat. 

Zer ikasi duzu denboraldi honetan? 

Ikasi dut lasaiago egoten, lasterketen aurretik eta lasterketan bertan. Askotan zerbait gertatzen zaizu lasterketa erdian, eta lasai mantentzea garrantzitsua da arazoa konpondu eta jarraitzeko. Horixe izan da ikasi dudana. Horrez gain, lasterketak kudeatzen ere ikasi dut, ondo erabakitzen noiz jan, noiz estutu... 

Hurrengo urtean non egon nahi duzu?

Nire mailako nazioarteko lasterketetan nahiko aurrean aritu nahiko nuke. Horietan lehenengo 10etan sailkatu ezkero puntuak pilatzen joaten zara, eta Munduko Kopan sartzeko aukera horren bidez eskuratzen da. Horixe lortu nahiko nuke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!