Aniztasun funtzionala eta inklusioa ditu aztergai Astigarraga 2024 Aldizkariak

Kronika - Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 00:00

Leire eta Sandra, aniztasun funtzionala duten haurren bi ama, Roxa Zabalegik egindako erreportajean.

Datorren asteazkenetik aurrera izango da eskuragarri, Goxoa, Valella eta Ogi Berri okindegietan, Maika kafetegian eta Erribera kulturgunean. Aniztasun funtzionala duten herritarren errealitatea jarri dute erdigunean.

Labetik ateratzear da, beste urte batez, Astigarraga Aldizkaria. Datorren asteazkenean jarriko dute herritarren eskura 2024ko edizioa, eta hainbat tokitan izango da lortzeko aukera: Goxoa, Valella eta Ogi Berri okindegietan, Maika kafetegian eta Erribera kulturgunean. Aldizkaria hartzean, borondatezko ekarpen ekonomikoa egiteko aukera izango da, hura egiteko gastu guztiak ordaintzen laguntzeko.

Gai nagusi bat jarri du jomugan, aurtengo Aldizkariak: aniztasun funtzionala eta inklusioa. Horixe izan dute aztergai nagusia, aniztasun funtzionala duten herritarren errealitatea. Horretarako, hainbat ikuspegitatik heldu diote gaiari, eta azaldu dutenez, «oso esanguratsuak» izan dira herritar horien familiek kontatutako «bizi-esperientziak».

Lanketa horretan, abiapuntu izan dituzte Astigarragan «aniztasun funtzionala duten 404 lagunen eta egoera ezberdinen datuak». Hortik aurrera, honakoak jaso dituzte Aldizkarian: hezitzaileek Herri Eskolan egiten dituzten jarduerak; Elkartu elkartearen helburuak, desgaitasun fisikoa duten pertsonak biltzen dituena; hiru familiak beren seme-alabekin izandako bizi-esperientziak; eta Gizarte Zerbitzuen ikuspegi profesionala.

«Hasiera batean, gure baliabideak gainditzen zituen egiteko horrek, baina erantzukizunez hartu eta garatu dugu, eta lagundu duten pertsonen irmotasun haundiaren isla da emaitza», nabarmendu dute.

Pelota eskolako, Ergobiko gabarra zerbitzua eta Mainel Serrari elkarrizketa, landutako artikuluen artean

Aniztasun funtzionalaz gainera, beste hainbat artikulu ere jorratu dituzte, «gure herriaren historiarekin eta gizarte-bizitzarekin lotutakoak». Horien artean, honakoak nabarmendu dituzte: paperezko planoetatik Google Mapsera; Astigarragako pelota eskola; intsektu hegalarien gainbehera ixila; datozen urteetarako 23 udal proiektu eta erronka; Ergobiko gabarra zerbitzua; Mainel Serrari egindako elkarrizketa; Palarra, euskeraren aldeko gazte ekimena; irakurketa klubak; herriko baserrietako belaunaldi erreleboa; eta Astigarragako Bentak.

Pelota eskolari, esaterako, garrantzi haundia eman diote Aldizkarian, erreportaje luzea eginez. Pelota eskolaren sorrerari buruzko informazioa bildu dute, eskolaren palmaresa jaso dute, elkarrizketa egin diete Ekain Lizeaga eta Hodei Exposito esku pelotari profesionalei, eta baita Joxe Mari Zubiarrain pelotarien zaintzaileari ere, besteak beste.

Aldizkarian tartekatu dituzte laguntzaileek egindako lanak eta erredakzio-taldeak osatutakoak. «Horrek egiten du posible proiektu komunikatibo, sozial eta herrikoi hau», adierazi dute: «Gure urtekaria, herriko pertsona askoren dedikazio altruistari esker gauzatzen da, eta Tximelaren eta Kutxabanken ekarpen ekonomikoa eta Astigarragako Udalaren laguntza jasotzen du, dagokion lankidetza hitzarmenari esker», azaldu du Aldizkariaren lantaldeak.

Herritar guztiak animatu dituzte aurtengo Astigarraga Aldizkaria eskuratzera: «Gure ustez, oso interesgarriak dira artikulu guztiak», diote. Eta era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiote Astigarragako herriari, «urtez urte bere herriko bizitza, historia, kultura eta guztiok parte aktibo izan behar dugun komunitatea ezagutzeko izan duen interesagatik. Eskerrik asko bihotzez!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!