Astigarragako PSE-EEk EH Bilduko Gobernu Taldearen kudeaketa kritikatu du «zenbait eskariri jaramonik ez egiteagatik». Patxi Suarez bozeramaile sozialistak adierazi du ona iruditzen zaiola parte hartze prozesuen antolaketa, baina deitoratu du horietan «ez dituztela herritarren zenbait eskaera entzun nahi».
Kritikarekin batera, zenbait proiektu zehatz aipatu ditu Suarezek; azoka estalia egiteko proiektua, semaforo baten instalazioa eta etxebizitzaren auzia, besteak beste. Bozeramaileak hiru kasuetan nabarmendu du EH Bilduko Gobernu Taldeak ez diela «jaramonik egin» aurkeztutako emendakinei, eta gehitu du «beharrezkoa ez den atzerapena» sortzen ari direla.
Oharra amaitzeko, eskaera bat egin dio Suarezek EH Bilduri: «PSE-EEko kideok pozik gaude udalerri honetako bizilagunak ordezkatzeko ardurarekin. Hori dela eta, EH Bilduren Gobernuari lankidetza gehiago eskatzen diogu, herritar guztien eskaerak entzun eta herritar guztientzat bizileku hobea egin ahal izateko».