Astigarragako palistek ezin izan zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi, final oso berdinduan

Kronika - Erredakzioa 2024ko eka. 30a, 00:00

Txapelketa bikaina osatu dute Astigarragako palistek.

Astigarragak 1-2 galdu zuen Donostiaren aurka. Partidu berdinduak izan ziren, eta tanto gutxigatik erabaki zen finala.

Egun garrantzitsua zen atzokoa Astigarragako palistentzat. Bigarren aldiz jarraian Gipuzkoako Herriartekoko txapela janzteko aukera zuten Errenterian, baina aurtengoan ezin izan zuten garaipenik lortu (1-2). 

Final berdindua izatea espero zen, eta aurreikuspen guztiak bete zituzten Astigarragako eta Donostiako palistek. Sasoi betean iritsi ziren azken partidura, eta horixe islatu zuten kantxan. 

Banakako partiduan pauso garrantzitsua eman zuten astigartarrek; izan ere, Axier Salaberriak 22-10 irabaztea lortu zuen Donostiako Aroztegiren kontra. Binakako partiduan, ordea, donostiarrentzat izan zen jokoan zegoen puntua, Txoperena-Zubiarrain bikote astigartarrak 15-20 galdu baitzuen Donostiako Huegun-Ubeda bikotearen aurka. 

Zazpi barruko norgehiagoka erabakigarria izan zen, eta markagailuak islatzen du partiduaren garrantzia. Oso partidu estua eta gogorra jokatu zuten Ganix Urdangarin astigartarrak eta Xabier Elejaldek, eta azkenean Donostiako palistak irabazi zuen tanto bakarragatik, 19-20.

Ahozapore garratza utzi zien finaleko emaitzak astigartarrei, baina txapelketa bikaina osatu dute aurtengoan ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!