Zer ote da gizona izatea?

Kronika - Erredakzioa 2024ko ekainaren 29a

Gizarte honetan maskulinitatearekin zerikusia duen guztia saritzen da, horregatik, maskulinitate eredu berriak behar ditugu.

Gizon izatea definitu ahal izateko, gizarte honen analisi bat egitetik hasi beharko genuke. Gizon izatea definitzeko modu bat litzateke, gizon bezala jaio zarela esatea, genero identitate zehatz batetik harremanak eraikitzea, eta batez ere, gizon bezala hezitzea. Hala ere, gizona izatea zer den galderari erantzuna ematea zaila egiten da, ezta?

Egia da genero rolak geroz eta gehiago aldatu direla eta gizon eta emakumeen arteko muga horiek geroz eta lausoagoak direla, hala ere mutil izateko eredu zorrotz batek existitzen jarraitzen du, honelako ezaugarriek definitzen dutelarik: indar fisiko altua izatea, arrakastatsua izatea, beldurrik ez izatea, negarrik ez egitea, emozioak ez azaleratzea.... Baino zer egiten dute gizonek, “¿a que no tienes huevos?” entzuten dutenean? Bai ala bai egin. Gainontzean kuadrillako marikoia bihurtzen delarik. Ingurune horretan, inork ez du marikoia izan nahi. Zergatik gertatzen den hori? Feminitatearekin lotzen dutelako, eta arlo honekin lotzen den ia guztia gizonezkoen gehiengo haundi batek deuseztatzen duelako. Izan ere, gauza horiek txikitatik ikasi genituelako. Txikitatik goxotasun gehiagorekin hitz egiten diete neska jaio diren haurtxoei, ostera, mutilak direnek jolastokietan espazio handiagoak okupatzen dituztelarik. Harrigarria den arren, pertsonak jaio baino lehenago ezberdintzeko ohitura handia da gizartean, denoi erakutsi baitigute gizon izateak emakume izateak baino balio handiagoa duela.

Gauzak horrela, zergatik sentitzen du gizartearen portzentai handi batek maskulinoa izatearen gogoa? Gizarteak, berak, saritzen duelako. Esate baterako, zaintza lanetan diharduten gehiengoa emakumeak direla kontuan hartuta, hauei dagokienean, zenbat diru irabazten dute? Horrela, zaintza lanak femeninizatu egin dira.

Ez da errealista gizonak ez daudela aldatzeko prest pentsatzea, baina bai askok aldatzeko beldur handia dutela. Egia da gizon askok ez dutela ikusten patriarkatuak ez diela uzten beren burua ezagutzen, beren sentimenduekin kontaktuan egoten, maitatzen.

Maitasuna ezagutzeko, gizonek menderatzeko nahia alde batera uzteko gai izan behar dute. Pertsona orok dauka maitatua izateko eta maitatzeko beharra, baita gizonezkoek ere. Baina maitasuna zer den ezagutzeko, kultura patriarkalak beren burua ezagutzea eta beren sentimenduekin harremanetan egotea eragozten die. Beraz, zer hobeagorik, talde honetakoek modu hauek identifikatzetik hasten bagara?

Sexualitatearekin lotutako bizipenak edo kezkak konpartitzeko, zatoz ZiRRara Astigarragako sexu eta bikote aholkularitzara. Zerbitzua doakoa, profesionala eta konfidentziala da. Zalantza puntualak edo jarraipenak egiteko aukera dago presentzialki edo on-line formatuan. Animatu eta hartu zure hitzordua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!