Astigarragak, paleta gomaz, Donostiaren aurka jokatuko du gaur Herriarteko finala Errenteriako Agustina Otaola frontoian, 11:00etatik aurrera. Pasa den urteko txapelari eutsi nahi dio Astigarragak, 2023an, txapela Mutrikuri irabazi eta gero. Bai donostiarrek eta bai astigartarrek txapela bana dute, orain arte jokatu diren Herriarteko sei txapelketetan paleta gomaz. Astigarragak azkenengoa irabazi bazuen, Donostiak lehenengoa irabazi zuen 2018an. Palmares orokorrari begiratuz gero, Azkoitia da lider sailkapenean, hiru txapelekin (ez da sekula txapeldunorde izan); atzetik dira Donostia eta Astigarraga, txapel banarekin (bitan txapeldunorde Donostia eta sekula ez Astigarraga). Azpeitiak, Tolosak eta Mutrikuk ez dute txapelik, baina hirurak izan dira behin azpitxapeldun.
Astigartarren laukotea betikoa izango da. Banaka Axier Salaberriak jokatuko du, Aroztegiren kontra. Binaka Txoperena-Zubiarrain bikoteak, Huegun-Ubeda bikotearen aurka jokatuko du. Azken partiduan, zazpi barruan, Ganix Urdangarin astigartarraren eta Xabier Elejalde donostiarraren artekoa izango da.
Final berdindua espero da eta ez dago bikote faboritorik. Bi taldeak oso indartsuak dira azken bi partiduetan eta banaka ere partidu berdindua espero da. Astigartarrek herritarren animoak ez dituzte faltako harmailetan.