Astigarragako Udalak 2021ean hasi zuen Plan Orokorra berrikusteko prozesua. Prozesuak bost fase ditu: diagnostikoa, aurrerakina, hasierako onarpena, behin-behineko onarpena eta behin betiko onarpena. Dagoeneko lehen bi faseak (diagnostikoa eta aurrerakina) gauzatu dira eta bi fase hauetan hamarnaka saio egin dira herritarrekin eta auzoetan eta saioetan, eta galdetegien bitartez, parte-hartu duten pertsonen kopurua 500etik gorakoa izan da.
Hirugarren faseari ekin zaio, hasierako onarpena
Horien ondoren, idazle taldeak osatutako aurrerakina jendaurrean egon zen 2023ko apirilaren 14tik uztailaren 14ra. Herritarrek, enpresek eta elkarteek egindako 39 ekarpenak aztertuta, helburuak eta irizpideak definitu dira eta osoko bilkurako udal talde guztien aldeko botoa jaso dute. Une honetan, beraz, hirugarren faseari ekin zaio dagoeneko, HAPOren lehen dokumentu osoa idazten hasi baita idazle taldea. Hasierako onarpena 2025 urte hasierarako aurreikusten da.
Plan Orokorraren berrikuspena idazteko, zenbait irizpide eta helburu orokor zehaztu dira, HAPOren idazketa osoan zehar-lerro gisa kontuan hartu behar direnak eta ondorengo estekan ikusi daitezkeenak: (https://labur.eus/Ny7C3).
Hala, aipagarrienak hurrengoak dira: Zerbitzu eta azpiegitura publikoen sare integrala eta duina osatzea; Etxebizitza duin, egoki eta eskuragarrirako eskubidea bermatzea, horretarako alokairu sozialeko politika sustatuz; Ahal den neurrian biztanle kopuruari eustea; Garapenerako eredu ahalik eta trinkoena ezartzea, ahalik eta lurzoru natural gutxien okupatuz; Gizarte kohesioa eta ekitatea indartzea, zaurgarrienen egoera lehenetsiz eta plangintzan genero ikuspegia txertatuz; eta oinezkoen eta bizikleten mugikortasun-azpiegitura eta -sare seguru, bideragarri, eroso eta erakargarria osatzea, hala nola, garraio publiko desberdinen intermodalitatea bilatuz.
Plan Orokor berriaren helburu nagusietako bat, aurreko HAPOk sorrarazitako hainbat arrakalekin haustea da: herritarren hazkunde bortitzak sortutako beharrak eta hauei erantzuteko aurreikusi gabeko ekipamenduen artekoa; gehiegizko etxebizitza libreen (%75 aurreikusi ziren) eta babestutako etxeen kopuru eskasiaren artekoa; edota autoaren eta lurraren artifizializazioaren protagonismo ia absolutuaren eta beste mugikortasun eredu eta espazio berdeen artekoa etab.
400 etxebizitzetatik, %40 babes ofizialekoak eta %20 alokairu zosialekoak izatea nahi dira
Bide horretan, lehen helburua Udalak jabetzan lurzoru eraikigarria eskuratzeko garapenak diseinatzea izan da, lurzoru hauetan alokairu sozialera bideratuko diren etxebizitzak eraiki ahal izateko eta etxebizitzaren arazoa leuntzeko asmoz. Etxe tasatuak eta Babes Ofizialeko Etxebizitzaz gain (%40), eraikiko diren etxeen %20 alokairu sozialekoak izatea zehaztu du helburu Udalak. Plan Orokorrak datozen 15 urteetara begira jarri da eta 400 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusten du.
Kirol-ekipamenduak, bidegorri-sareak eta aparkalekuak herri mailan zein auzoetan
Bestetik, ekipamendu berriak edota handiagoak (anbulatorioa, pilotalekuak, adinekoen egoitza, gazteen espazioa, kiroldegia) aurreikusi dira herriaren tamaina berriaren eta etorkizuneko beharrei erantzuteko gaitasuna bermatzeko. Azken finean, aurreko HAPOn ekipamenduen planifikazio ezak eragindako arazoak konpondu nahi dira.
Kirol ekipamenduek protagonismoa izango dute. Kiroldegiaren handitzeaz gain, pilotalekuak aurreikusi dira Oialumen eta Santiagomendiko auzoetan eta DBH institutuaren ondoan erabilera anitzetarako aukera emango duen pilotaleku itxi eta estalia. Gainera, Zarkumendegi ondoan atletismo pista bat egokitu daitekeen aztertuko da berrikuspen prozesu honetan.
Gainera, bidegorrien hiri-sare bat ere aurreikusi da, batik bat, DBH institutura eta aldiriko tren geltokira iristeko bidegorri segurua izateko.
Aipatzekoa da ere hiru aparkaleku publiko ere aurreikusi direla: bat Errekalden (dagoena handituz) eta besteak, Bidebitarten. Bata, herriko sarreran, Portutxo parean, eta bestea, anbulatorio berria kokatuko den eremuaren inguruan. Santiagomendi auzoan ere aparkaleku gehiago aurreikusi dira eta baita auzotarrentzako auzo-biltokia ere.
Gune industrialak ere kontuan hartuta
Gune indistrialetako jasangarritasunean sakontzeko urratsak aurreikusi dira, hala nola, bidegorri-sareak, industriguneko sabaietan energia fotovoltaiko instalazioen sustatzea, edota aldaketa klimatikoari aurre egiteko sabai-berdeak.
Gainera, Ubarburu eta Zarkumendegiko jarduera ekonomikoetarako eremuak zabaltzea ere aurreikusi da eta Bidebitarteko ardatz nagusian erabilera desberdinak (etxebizitza, komertziala, industriala) uztatzeko proposamena landu da. Hori bai, herriko komertzio txikia babesteko merkataritza gune handiak eta azalera handiko elikagai salmenta guneak saihesteko ahalegina egingo da
«Aurreko HAPOri iraulia emateko ordua da»
«Aurreko HAPOrekin galdutako aukerak berreskuratzea eta ondorioak konpontzea zaila izango bada ere, oraingoan beste eredu erabat desberdin jarri nahi da martxan. Aurreko HAPOk, lehentasuna ahalik eta etxebizitza gehien eraikitzean jarriaz, espekulazioa eta adreiluaren sektorea asetzea baldin bazuen helburu nagusi; HAPO berriak, herritarrak (emakume, gazte, adineko…), ekipamenduak eta jasangarritasuna ditu bide eta helburu nagusiak», aipatzen du Udal Gobernu Taldeak..
Honen erakusle garbia da HAPO berriak aurreikusitako etxebizitza berriak 400era mugatu dituela. Aurrekoak, aldiz, 1.534 etxebizitza aurreikusi zituen, ia lau aldiz gehiago eta horietatik soilik %15 aurreikusi ziren Babes Ofizialeko Etxebizitzakoak. Oraingoan babestutako etxeak gutxienez %40 izatea da helburu eta etxe berri guztien %20 alokairu sozialekoak izatea.
Etxebizitza kopuru eta modalitate honekin hurrengo 15 urteetan egungo herritarren, batik bat oraingo gazte eta nerabeen etxebizitza eskariari erantzuteko gaitasuna bermatzea da helburu.
«Batzuek aldarrikatzen jarraitzen duten etxeen eraikitze mugagabeen formulak baztertu eta gehiegizko hazkundeari balazta jartzea lehenetsi da, hurrengo 15 urteetan etxebizitza eskariari erantzuteaz gain, herritar guztion beharrak asetuko dituen ekipamendu eta azpiegitura sare duina bermatu ahal izateko. Herriko errealitatearen ezagutza sakonetik abiatuta, soluzio errealak eta egingarriak baliatzeko ahalegin zintzoa da».